Enbrioi goiztiarren antzeko egitura sortu dute giza zeluletatik

Ernalketatik bost egunera sortzen den giza enbrioi goiztiarraren antza duen egitura sortu dute bi ikerketa taldek. Biziaren sorreran ager daitezkeen arazoak ikertzeko balioko du

Jose Polo Monash unibertsitateko ikerlaria, giza zeluletatik sortzea lortu duen blastoide baten irudia atzean duela. MONASH UNIBERTSITATEA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Giza zeluletatik abiatuta, enbrioi goiztiarren antza duten egiturak sortu dituzte bi zientzia taldek. Laborategian sortutako pseudoenbrioi horiei esker ikertu ahal izango dituzte enbrioien hastapeneko lehen faseen bilakaera, biziaren sorreran ager daitezkeen arazoak, edo antzutasuna lantzeko terapia berriak. Bi lan horiek atzo argitaratu ziren Nature zientzia aldizkarian, eta enbriologiaren esparruan aukera berriak zabaldu ditzakete. Ikerketetako bat Jose Polo ikerlariak gidatu du, Australiako Monash unibertsitateko lantaldearen babesarekin, eta bestea Jun Wuk bideratu du, AEBetako Southwestern unibertsitateko taldearekin.

Ikerketaren egileek atzo azaldu zutenez, duela gutxi arratoien zeluletatik abiatuta ere sortu dituzte animalia horien enbrioien antzeko egiturak. Hain justu, blastozisto fasean —ernalketatik bost egunera gertatzen den horretan— dauden arratoi enbrioien antzeko egiturak garatu izan dituzte, eta blastoide izena jarri diote laborategiko sorkuntzari. Blastozistoek egitura esferikoa daukate, kanpoko geruza zelulaz inguratuta dago, eta barrualdean dagoen likidoan enbrioi zelula duen masa daukate. Horien antzeko egitura sortu izan dute arratoien kasuan, litekeena baita informazioa eskaintzea.

Ikerlariek sortu duten arratoien blastoide horiei esker lortu dute biltzea animalien garapen goiztiarraren inguruko informazioa, baina azaldu zutenez, giza enbrioien kasuan, mugak topatu dituzte ernalkuntzako lehen faseko jakintzan sakondu ahal izateko. Orain arte, in vitro ernalkuntzari esker lortutako blastozistoei esker, informazio baliotsua eskuratu dute ikerlariek, baina horien erabilera oso mugatua dela ere nabarmendu dute.

Traba horiek gainditzeko abiatu du ikerketa Jose Polo ikerlariaren taldeak, eta giza zelulekin sortutako blastoideak garatu dituzte. Horren bidez saihestu nahi dute erabiltzea enbrioi naturalak gisa honetako ikerketetan. Horretarako, azaleko fibroblastoak —ehun konektiboko zelula nagusia da— berriz programatu zituzten, eta giza blastozistoen modeloak sortu zituzten, hiru dimentsiokoak. Ikerlari taldeak argi utzi nahi izan du horiek ez direla giza blastozistoen parekideak.

Jun Wu ikerlariak gidatutako taldeak, bestalde, zelula ametatik abiatuta garatu ditu giza blastozistoen antza duten egiturak. Zelulen batura horrek giza blastozistoen antza du morfologian, tamainan eta zelula kopuruan. Poloren blastoideak bezala, Wurena ere ez da giza blastozistoen parekidea, baina enbrioien hastapeneko garapenaren oinarriak erreproduzi ditzake.

Lorpenaren inguruan idatzi dute Yi Zheng eta Jianping aditu independenteek Nature aldizkarian, eta, euren arabera, protokoloak egokituz doazen heinean, sortutako blastoide horiek giza blastozistoak are zehatzago imitatuko dituzte, eta horrek bioetika eztabaidak sorraraziko ditu, giza enbrioien egituren gero eta antz handiagoa izan baitezakete blastoide horiek. Polok esan duenez, oraindik egoera horretara iristeko asko falta da, eta, oraingoz, pozarren daude lortutakoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.