80 milioi desplazatu daude munduan, inoizko gehien

Batez ere barne desplazamenduak ugaritu dira, herrialdeen arteko mugak itxi dituztelako. Pandemiaren eraginez, zailagoa da bizileku seguru bat aurkitzea, UNHCR-ren arabera

Etiopiako Tigray eskualdetik ihes egindako iheslarien ilara bat, Sudango Um Rakuba kanpalekuan. ALA KHEIR / EFE.
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Gora eta gora ari da gatazketatik ihesi euren etxetik alde egin behar izan dutenen kopurua. Hala erakusten dute UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Erakundearen Agentziak atzo argitara emandako datuek. Urteko lehen seihilekoan alor horretan izandako mugimenduak jaso ditu erakundeak, txosten batean. Dena dela, egindakoa behin-behineko argazki bat dela azaldu dute, eta aurreratu dute datuak are okerragoak izango direla behin pandemiaren albo ondorioak aztertutakoan.

Jakinarazi dutenez, 79,5 milioi lagunek utzia zuten euren bizilekua urte hasieran, jazarpenagatik, giza eskubideen urraketengatik edo bestelako gatazkengatik. Kopuru horrek gora egin du ordutik hona, eta, egun, 80 milioi lagun baino gehiago daude egoera horretan.Horietatik gehienak —45,7 milioi— barne desplazatuak dira; 29,6 milioi lagun, euren herrialdeetatik ihes egindakoak, eta 4,2 milioi, asilo eskatzaileak.

Iheslarien inguruko datuak ere eman ditu UNHCRk: 26,4 milioi iheslari daude egun, agentziaren arabera. Herrialdeen arteko desorekak, ordea, nabarmenak dira. Kopuru osoaren bi heren baino gehiago —15,3 milioi— munduko bost herrialdetatik ihes egindakoak dira: 6,6 milioi, Siriatik; 3,7 milioi, Venezuelatik; 2,7 milioi, Afganistandik; 2,3 milioi Hego Sudanetik; eta milioi bat, Myanmarretik.

Erakundeak ohartarazi du COVID-19aren aurrean herrialdeek hartutako neurrien ondorioz iheslarientzat zailagoa dela bizileku seguru bat aurkitzea. Izurriaren lehen olatuan gertatutakoa horren adierazle da, diotenez: 168 herrialdek muga itxi edo kontrol zorrotzak ezarri zituzten, eta horietatik 90ek herrialderako sarbidea ukatu zieten asilo bila ari zirenei. Era berean, herrialdeen arteko mugak denbora luzez itxita egon izanaren ondorioz, jaitsi egin dira asilo eskaerak, iazko urteko epe berarekin alderatuta: zehazki, heren bat gutxiago izan dira 2020an. Batez ere, herrialde barruko mugimenduak ugaritu dira, eta horrekin lotu du jaitsiera erakundeak. Txostenean jaso dutenez, euren jatorrizko bizilekura itzuli behar izan dute ihes egiteko asmoa zuten 822.000 lagunek, eta gehienak herrialdeko mugetatik harago joan ez direnak dira: 635.000 lagun.

Arrazoi beragatik, gutxitu egin da borondatez jatorrizko herrialdera itzuli diren desplazatuen zenbatekoa: 2019an baino %22 gutxiago izan dira.

«Mugarri tristea»

Azken hamarkadan, bikoiztu egin dira behartutako desplazamenduak, eta horrek erakusten du nazioarteko komunitateak «porrot» egin duela bakea lortzeko ahaleginean, Filipo Grandi UNHCRko Goi mandatariaren iritziz. Grandirentzat «mugarri tristea» da 80.000 desplazatu baino gehiagora iritsi izana, eta ohartarazi du egoera ez dela onbideratuko «munduko liderrek gerrak amaitzen ez dituzten artean».

Grandik gogora ekarri ditu Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkariak martxoan egindako adierazpenak; Guterresek su-eten orokor baterako deia egin zuen. Estatuburuei eskatu zien gatazkak alde batera utzi eta pandemiari elkarlanean aurre egiteko. Eskaera hari herrialdeetako buruek emandako erantzun eskasa deitoratu du Grandik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.