Mehmet Demir. Mir Muzik musika banatzaileko zuzendaritza kontseiluko kidea

«Turkiak hala nahi duelako utzi ditu Alemaniak legez kanpo gure literatura eta musika»

Auzitegi batek ebatzi du «legezkoa» izan zela Europako argitaletxe kurdu nagusia eta musika banatzaile kurdu bat legez kanpokotzat jotzea. Demirrentzat, «eraso asaldagarri bat» izan da.

BERRIA.
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 26an, Alemaniako Administrazio Auzitegi Federalak ebatzi zuen «legezkoa» izan zela Barne Ministerioak erabaki izana legez kanpokotzat jotzea bai Europako argitaletxe kurdu nagusia, Mezopotamia Publishing, eta bai musika kurduaren banatzaile bat, Mir Muzik. Barne Ministerioak 2019ko otsailaren 1ean onartutako neurri hori ezartzeko, oinarri hartu zuten bi kultur eragile horiek PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren menpeko organizazioak zirela; izan ere, PKK legez kanpo dago Alemanian 1993tik, «talde terroristatzat» jota.

Poliziak esku hartu zuenean, gainera, munduan den musika kurduaren bildumarik handiena konfiskatu zuen, eta 50.000 literatur lan ere bai. Turkiatik kanpo kurduen kultur memoriaren kontra egindako erasorik handiena da, beraz.

Turkiako agintariek, jakina, atsegin handia hartu zuten neurri horrekin, hala EB Europako Batasunaren barnealderaino zabaldu baita haren politika gogorra, herri kurdua existitzen dela ukatzen duena.

Gertatuak hain larriak izanik, BERRIAk elkarrizketa egin dio Mir Muzikeko zuzendaritza kontseiluko kideetako bati, Mehmet Demirri.

Zer-nolako garrantzia dute kultur erakundeek herri ukatu batentzat?

Jaioterrian beren kultura eta adierazpidea guztiz deuseztatu dietenez, erbesteko komunitate kurduek zenbait espazio sortu ahal izan dituzte Europako herritar guztien libertate eta eskubide berberez baliatzeko. Adierazpen askatasunerako duten eskubidea erabili dute, beren kultura libreki ikasi, beren musika tradizioak garatu, eta beren literatura aztertu ere bai poesiaren bitartez, zeina izugarri garrantzitsua baita guretzat, baita beste literatur genero batzuen bidez ere. Obra eta argitalpen horiek modua eman diote herri kurduari bere ondarea eta historia transmititzeko erbestean jaio eta beren kultura eta tradizioak zuzenean ezagutu gabe hazi diren belaunaldi gazteagoei.

Eta zer iruditzen zaizu agintari alemanek erabaki izana legez kanpo uztea kurduen bi kultur erakunde garrantzitsu?

Alemanian bi argitaletxe lider horiek deuseztatzea eraso asaldagarri bat izan da, herri kurduaren eskubideei egina, eta traizio bat ere bai, libertatearen eta adierazpen askatasunaren funtsezko printzipioei egina, zeinak, bere garaian, Europak gizadiari eta zibilizazio modernoaren aurrerabideari oinordetzan utzitako legatu nagusitzat jo baitziren.

Begi bistakoa dirudi politikak eragina izan duela Alemaniak kultur erakunde kurdu garrantzitsu horiek legez kanpo uzteko hartutako erabaki administratibo eta judizialean.

Alemania elkarlanean aritu da Turkiako Gobernuarekin, eta ulertu behar da bi estatu horien harreman politiko eta ekonomikoak direla-eta hartu dutela erabaki hori. Alemanian aspalditik dago indarrean PKKren kontrako jazarpen eta errepresio politika bat. Alemaniak sekula ez du onartu nahi izan PKK zer den benetan: erakunde bat kurduen eskubideak defendatzen dituena, haien giza eskubideak, kultur eskubideak eta eskubide zibilak; organizazio bat armak hartu behar izan dituena, eta herri kurduaren iraupenaren alde borrokatu. Alde horretatik, interesgarria da gogoraraztea adibidez Belgikako justiziak 2020an ebatzi zuela PKK ez dela erakunde terrorista bat, eta, beraz, ezin dela horren legediaren arabera epaitu Belgikan.

Eta, orduan, zergatik dago prest Alemaniako Estatua kurduen elkarte zibil eta kultural batzuk PKKren parte direla ebazteko?

Lehen esan dudan bezala, lehen arrazoia da Alemaniak harremana duela Turkiarekin eta interesak dauzkala herrialde hartan. Bigarren arrazoiak, berriz, zerikusia du haren historia garaikidearekin, zeina ezkerreko pentsaera aurrerakoi orori aurre egitean datzan.

Egiaz, beldurra ematen die Alemanian erakunde progresista peto-petoek indarra hartzeak, are gehiago immigranteen eta errefuxiatuen erakundeak badira. Hain justu horixe da Alemaniak PKKrekin eta hemen bizi diren kurduekin daukan arazoa: arriskutsua iruditzen zaie kurduak elkarte eta talde progresistetan antolatzea. Honek guztiak badu halako mehatxu kutsu bat.

Alemaniako Estatuak PKKren kontra ez baizik kurduen kultur elkarte batzuen kontra egin du, eta justiziak onetsi egin du libertateak horrela mugatzea. Hortaz, ondorioztatu behar da beldurra diola erbesteko gizarte zibil kurdu horri?

Erabaki hori orban bat da Alemaniako demokrazian. Alemaniako Estatua eraso egiten ari zaie kurduei, baina kurduek erakutsi dute deliberatuta daudela beren existentzia eta, beraz, beren eskubideak berreskuratzera, eta arrakasta izan dute borroka horretan, bai diplomaziaren esparruan eta bai kurdu erbesteratuak eta migratzaileak antolatzeko garaian, gure lurrarekin dugun loturari euts diezaiogun, egotzi gaituzten lurralde horrekin dugun loturari euts diezaiogun, hain zuzen.

Kurduok garaipen handiak lortu ditugu gure autodefentsa horretan; sekula ez dugu amore eman kalean: jendea protestara ateratzen da, baina baita egun eta urtemuga seinalatuak ospatzera ere. Alemaniako Estatuak eginahalak egin ditu gure jendea kalera atera ez dadin, baina ez du lortu; horregatik esan dut baduela honek gure kontrako mendeku bat izateko traza.

Politika horren hurrengo urratsa izan da Mesopotamia eta Mir legez kanpo uztea, legedia betez oraingoan, kultura kurduaren kontra zuzenean eginez.

Esparru judizialean zer pauso eman daitezke orain?

Ez gaituzte isilduko sekula. Argi dago orain Alemaniako Auzitegi Konstituzionalera joko dugula, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegian errekurtsoa jartzea da azken pausoa; prestatzen ari gara helegite hori. Aldi berean, ahal dugun bide guztietatik protestan segituko dugu Alemaniako Estatuak kurduen kontra darabilen jarrera errepresibo eta politiko horren kontra.

Zenbait kanpaina abiatuko ditugu Europan, eta artista europar batzuen babesa lortzen saiatuko gara horretarako, hurbilenekoen babesa batez ere: besteak beste, euskaldunena, haiek ere errepresio eta ilegalizazio berberak sufritu baitituzte azken urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.