Steinbecki eta Beauvoirri obra bana berrargitaratu diete

Asun Garikanok 'Zeruko belardiak' euskaratu zuen, eta Oier Alonsok, berriz, 'Besteen odola' , eta, orain, bi lanak berreskuratu dituzte Urrezko Bilblioteka bildumarako

BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Asun Garikanok 1994an euskaratu zuen John Steinbecken Zeruko belardiak narrazio bilduma. Oier Alonsok, berriz, 2001ean ekarri zuen euskarara Simone de Beauvoirren Besteen odola nobela. Bi itzulpenak Literatura Unibertsala bilduman plazaratu zituzten bere garaian. Orain, lanok berreskuratu, berrikusi, eguneratu, eta berriro argitaratu dituzte, Urrezko Biblioteka bilduman.

Zeruko belardiak 1932an eman zuen John Steinbeckek (Salinas, Kalifornia, AEB, 1902New York, 1968). Haren bigarren lana izan zen, eta, beraz, «gerora halako ospea ekarri zioten Perla, Tortilla flat, Edengo ekialdean, Suminaren mahatsak, Saguak eta gizonak, eta horien guztien aitzindaria», Asun Garikanok gogorarazi duenez. Idazleari euskarara ekarritako bosgarren lana ere bada.

Hamar ipuinek osatzen dute liburua. Garikano: «Pieza bakoitza autonomoa da, besteak irakurri gabe ere zentzu osoa dute. Denak batera irakurrita, ikusiko dugu nola doazen katramilatzen herri txiki bateko nekazari giroko komunitate bateko biztanleen bizitzak eta patuak». Lekuak lotzen ditu istorioak, Kaliforniako Salinas eta Monterrey artean dagoen Zeruko Belardiak herrian gertatzen baitira. «Hangoa zen Steinbeck, eta, beraz, bere beste liburu askotan bezala, gertukoa zaion munduaz ari zaigu liburu honetan. Paisaia bati eta historia bati lotutako idazlea da; txoko horretatik idazten du unibertsaltzat hartuko den eta mundu osoko irakurleengana iritsiko den liburu hau, eta beste asko».

XX. mendearen hasiera da liburuan. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren industrializazioa gertatzen ari da, eta gazteak landa eremuetatik hirira doaz. «Gizartea antolatzeko modu baten desagertzea dakar horrek, lurrarekiko eta jaiotetxearekiko lotura eten, familia sakabanatu, eta ordura arteko nekazari komunitate sendo eta kohesionatuak kolokan jartzea», gogorarazi du itzultzaileak. Euskal irakurleari «oso ezagunak» egingo zaizkion gai horiek daude «atzeko planoan»; eta,«herri txiki bateko komunitate estuan gertatzen diren tentsioak», berriz, aurrekoan. Izan ere, familia berri bat joango da hara bizitzera, bertakoen ustez zorte txarra dakarren etxalde batera; familiarentzat sineskeriak baino ez dira horiek, baina, nahi gabe, kaltea eragiten dute inguruan. «Behin eta berriro errepikatzen da patroi hori: asmo oneko jendearen ekintzek zoritxarra ereiten dute inguruan». Irakurlea jabetuz joango da herri hori ez dela «hain leku zerutiarra». Idazleak pertsonaien barruan sartzeko duen gaitasuna goraipatu du itzultzaileak.

Duela 27 urteko itzulpena berriz hartzean, Garikanok erabaki zuen testua sakon berrirakurtzea, eta halakoak dira egin dizkion aldaketak ere. «Esango nuke, beste bertsio bat baino gehiago, itzulpen berri bat dela; ez dakit esaldiren bat gelditu den ukitu gabe».

Bestea literaturan

Simone de Beauvoirrek (Paris, 1908-1986) 1945ean plazaratu zuen Besteen odola , Oier Alonsoren hitzetan «nobela entretenigarria». Bigarren Mundu Gerraren aurreko giroa eta Frantziako erresistentzia azaltzen ditu bereziki. «Historiaz jarduten du eta besteen gaia jorratzen du». Itzultzaileak azaldu du existentzialismoan besteen gaia «oso inportantea» izan zela, eta hainbat idazlek landu zutela: besteak beste, Jean-Paul Sartrek hainbatetan hitz egin zuen auziaz, baita Albert Camusek ere Arrotza nobelan (1942). «Beauvoirreksolidaritateaz hitz egiten digu, eta besteen ardura zein den kontatu». Alonsoren esanetan, Bigarren Mundu Gerraren ostean idazle ugari «oso jota» gelditu ziren «besteek halako krimenak» egin ahal izan zituztela pentsatzean. «Beauvoirren ikuspuntua nahiko autobiografikoa izan ahal da, zeren nobelako protagonistarena ere bada markatutako ildoetatik atera den gazte burges batena, beregandik espero zena egin ez duen batena. Hortik doa bestearen gaia». Idazleak Fedor Dostoievskiren aipu bat hautatu zuen liburua zabaltzeko: «Norberak guztiaren ardura du guztien aurrean».

Duela bi hamarkada plazaratutako itzulpenaren hitzaurrean, «feminismoa ez zegoela batere modan» idatzi zuen Alonsok, eta orain, haren ustez, «oso bestelako egoera batean gaude». Hitzaurrea berritu dio argitalpenari, eta Elkar argitaletxeak eguneratu du itzulpena. Xabier Mendiguren editorearen ustez ere, bestea da liburuko gai nagusietako bat, eta, harekin batera, «konpromisoa eta kontzientziaren ausikiak».

Azken biak, oraingoz

2010ean jarri zen martxan Urrezko Biblioteka egitasmoa, EIZIE elkarteko lehendakari Itziar Diaz de Ultzurrunek gogorarazi duenez. «Ikusita Literatura Unibertsala bildumako lehen ehun aleak ezin zirela paperean eskuratu, abagunea ikusi zen batzuk behintzat berriz argitaratu, paperean eman eta euskal irakurleen eskura jartzeko». Horietatik hogei izenburu hautatu ziren Urrezko Biblioteka osatzen hasteko; Elkar argitaletxeari eman zitzaion plazaratzeko lana, eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta eraman dute aurrera. Hogei liburuko sorta horretan, azkenak dira Zeruko belardiak eta Besteen odola. «Orain, EIZIEn gogoeta egin beharko dugu segida nola eman ikusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.