Albistea entzun

Aragonen eta Bergerren olerkiak, Munduko Poesia Kaieren parte

Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli ditu Aragonen olerkiak; Iñigo Roquek, berriz, Bergerrenak
Beñat Sarasola eta Iñigo Roque liburukien aurkezpenean, atzo, Donostian.
Beñat Sarasola eta Iñigo Roque liburukien aurkezpenean, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Arin -

2019ko urriak 17 - Donostia

Georg Trakl izan zen lehena; Maria Merce Marçal eta Aime Cesaire etorri ziren atzetik; eta beste hainbeste horien jarraian. Orain aurkeztu dituzte azken biak, udazkenarekin bat: Louis Aragon eta John Berger. Hala, 32 autore dira jadanik Susa argitaletxearen MPK Munduko Poesia Kaierak bildumaren parte. Bost urte igaro dira proiektua martxan jarri zutenetik: 2014. urtetik da abian, Beñat Sarasolaren zuzendaritzapean. Geroztik, munduko hainbat poeta entzutetsuren poesia aleak euskarara itzuli, eta autore horien antologiak argitaratu dituzte.

«Munduko poesia ekartzen dugu euskarara», adierazi du Sarasolak, egitasmoa azaltzean. Aragonen eta Bergerren olerkiak bildu dituzte aldi honetan, eta, editoreak esan duenez, bilduman frantsesetik itzulitako bigarren liburukia da Aragonena: «Frantziako poesia —XX. mendeko abangoardismoko hasieratik, batez ere— ekarriko ote genuen pentsatzen hasi ginen, eta, Itziar Diez de Ultzurrunekin hitz egitean, Aragon izan zitekeela iruditu zitzaigun». Pentsatu, eta ekin: Diez de Ultzurrunek (Iruñea, 1967) itzuli ditu Aragonen olerkiak euskarara. Sarasolak egin ditu antologiaren aurkezpen lanak, itzultzailearen faltan: «Abangoardietan eta hastapenetan kokatzen da autorea, dadaismoaren eta surrealismoaren artean, baina harago joan zen bere ibilbidean».

XX. mendeko poesiaren izen handietako bat izan zen, eta, landu zituen askotariko gai eta aldien artean, bereziki bi jo dituzte esanguratsutzat: Elsa Troilet bikotekide eta idazlearekiko maitasuna bata; II. Mundu Gerrako Erresistentziako esperientziak bestea. Bi aldi horietako poemak bildu dituzte itzulpenean; besteak beste, Elsaren begiak eta Dunkerqueko gaua izenekoak. Elsaren aldia deitu ohi zaio bikotekideari eskainitako olerkiak sortu zitueneko aldiari, eta, Sarasolaren esanetan, Aragonen maitasunarekiko ikuspegia estereotipoetatik aldentzen zen: «Ez da maitasun platoniko edo amodiozko poema ohikoetara lerratzen; beste sakontasun eta sentsibilitate bat garatzen du». Gainera, olerkigintzaren lengoaia menderatzeko zuen gaitasuna ere nabarmendu du editoreak: «Neurri, errima, hoskidetasun... ugari lantzen dituen poeta bat da, eta, hori, jakina, erronka handia da itzultzailearentzat».

Poesia, «arte osagarri»

John Bergerren poesia antologia, berriz, Iñigo Roquek itzuli du (Portugalete, Bizkaia, 1976), baina ez da MPK bildumako ale bat itzultzen duen lehen aldia. «Bigarren autore bat itzultzera animatuko litzatekeen galdetu genion, eta Berger itzultzea proposatu zuen», azaldu du Sarasolak. Editorearen esanetan, Berger ez da XX. mendeko poeta ageriko horietako bat. Hala ere, interesgarri iritzi zion bildumaren parte izateari: «Interesgarria da John Bergerren soslai poetikoa euskarara ekartzea».

Roque itzultzaileak adierazi duenez, «bitxia» da autorearen lehen euskarazko liburua poesia antologia bat izatea, baina gogotsu egin du itzulpena. Olerkari izateaz gain —bi poesia liburu argitaratu zituen—, arte kritikaria, eleberrigilea eta margolaria ere izan zen Berger. Hala ere, itzultzailearen esanetan, «arte osagarri gisa erabiltzen zuen hark olerkigintza; horregatik maite zuen olerkiak irudiekin batera jartzea».

Idatzi zituen bi poesia liburuetan ageri diren olerkietako asko euskaraz irakurtzeko parada izango da orain, eta, itzultzaileak adierazi duenez, Bergerrek ere askotariko gaiak landu zituen bere poesietan, Aragonek bezala: marxismoa, denbora, nostalgia, maitasuna... Marxismoak, esaterako, presentzia nabarmena du haren lanetan, eta, itzultzailearen arabera, idazleak ideologia horrekiko zeukan jarrera aldatu egin zen denboraren poderioz; aldaketa hori igarri egiten da olerkiotan.

Udazkenarekin batera aurkeztu dituzten azken bi zenbakion ostean, udaberriarekin batera etorriko dira hurrengo biak, datorren urtean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Rockaren suak piztuta dirau

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.
Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute
Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA
Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Nagore Arin

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...