Bertsozale Elkarteak eta Lotura Filmsek jaso dituzte Elkar sariak

Bertsolaritzaren transmisioan eta zabalkundean urteotan egin duen lana aitortu diote elkarteari. 'Lur eta Amets' proiektuari jarraipena emateko bultzada jaso du ekoiztetxeak

Publikorik gabe egin zuten sariak banatzeko ekitaldia, atzo arratsaldean, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Elkar sarien aitortza jaso dute Bertsozale Elkarteak eta Lotura Films ekoiztetxeak. Bertsolaritzaren transmisioan eta zabalkundean egindako lanagatik, Ibilbideari Elkar saria eman diote elkarteari. Proiektuari Elkar sariak, berriz, egitasmo bat laguntzea izaten du helburu, eta ekoiztetxeak jaso du bultzada hori, Lur eta Amets filmaren eta telesailaren ildotik beste egitasmo bat lantzeko. Sarituen izenak atzo goizean eman zituen jakitera Joxe Mari Sors Elkar fundazioko lehendakariak, Bertsozale Elkarteko Beñat Gaztelumendi eta Lotura Filmseko Miren Berasategi alboan zituela, eta arratsaldean egin zuten sariak emateko ekitaldia, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean.

Sorsek gogora ekarri zuenez, Elkar fundazioak 1996. urtean jarri zuen abian Joseba Jaka beka, eta 2006. urtera bitarte eman izan zuen. Urte batzuetako hutsunearen ondotik, 2016an berrabiarazi zuen sariak emateko egitasmoa, baina berritasunekin. Hala, ordutik, Ibilbideari Elkar saria ematen du urtero, kultur arloari eginiko ekarpena aitortzen duena; eta bi urtetik behin —Joseba Jaka beka ematen ez den urteetan, hain justu—, berriz, Proiektuari Elkar saria, egitasmo jakin bat laguntzen duena. Biak banatu ditu aurten.

Bertsozale Elkarteak urteetan egindako ekarpena «agerikoa» dela adierazi zuen Sorsek, eta bertsolaritzari «lekua eta ikusgarritasuna» ematea lortu duela azpimarratu. «Bertsoa gaur egungo euskal gizartean eta euskaldunen artean ezaguna eta jarraitua den kultur adierazpen bat da, eta hori urte luzeetan ondo egindako lanaren emaitza izan da». Bi ardatzen bueltan egin du ekarpen hori elkarteak, haren hitzetan. Batetik, transmisioari dagokionez, «hezkuntzan txertatzeko bidea egin du, haurrengana hurbilduz bertsoa, eta herriz herriko bertso eskolen bitartez ere bai». Zabalkundeari begira, berriz, «hedabideetan lekua eginez eta txapelketen bidez lortu du ikusgarritasuna ematea». Horrekin guztiarekin, eta urtero antolatzen diren ehunka bertso saioekin, «bertsolaritza modernizatuz» joan da, haren ustez. «XXI. mendean bertsoa ez da zaharkitutako zerbait, oso garaikoa baizik. Prestigioa eman zaie bertsolaritzari eta euskal kulturari». Zeregin horretan, goraipatu zuen elkarteak beti talde lanean egin duela bidea, eta hainbat kultur azpiegitura sustatu dituela ere bai; tartean Xenpelar dokumentazio zentroa, Lanku eta Mintzola. «Bertsozale Elkartearen ibilbidea eta haren emaitzak txalotzekoak dira. Euskal kulturarentzat eredu izan dira, eta dira».

Esker oneko agertu zen Beñat Gaztelumendi, eta elkartetik harago zabaldu zuen sariaren aitortza. «Zorionez, bertsolaritzaren mugimendua Bertsozale Elkartea baino dezente zabalagoa eta askotarikoagoa da, eta uste dugu sari hau mugimendu horrek guztiak merezi duela». Elkartea sortu zenean orain bertako kide diren hainbat lagun artean jaio gabe zirela aipatu zuen, haren ustez datuak ondo islatzen baitu elkartearen izaera: «Bertsozale Elkartearen ibilbidea, zerbait izatekotan, belaunaldi arteko truke baten istorio eder bat da». Ildo horretan, elkartea sortu zutenekin eta urteotan lanean aritu direnekin«zordun» sentitzen direla esan zuen, egungo kideentzat «bizitzako eskola bat» ere badelako.

COVID-19a dela-eta bertsolaritzarentzat urte oso berezia izan dela ere esan zuen Gaztelumendik, iaz 700 saio inguru galdu zirela gogora ekarrita. Baina beste interpretazio bat ere egin zuen: «Pandemiak pandemia eta neurriak neurri, bertsolaritzak aurrera egin du. Herriz herri bertso saioak antolatzen jarraitu da; bai online, bai zuzenean, plazan, formatuak egokituz...; bertso eskoletan biltzen jarraitu du jendeak; eta eragiten jarraitu du jendeak». Lan horretan aritu diren guztiei eskerrak eman zizkien, eta «kultura bizigarria» dela aldarrikatu zuen. «Alde horretatik, guk lanean jarraitzeko konpromisoari, grinari eta motibazioari eusten diegu, eta espero dugu belaunaldi berriek ere, bai elkartean eta bai bertsolaritzan, aurkituko dutela bertsoari eragiteko leku bat, eta baita bertsotik zerbait zabalagoari eragiteko leku bat ere».

Abentura berriak lantzeko

Iazko otsailean estreinatu zen Lur eta Amets animaziozko filma zinema aretoetan, eta ondoren heldu zen bi pertsonaiak oinarri zituen haurrentzako telebista saioa ere. «Lotura Films gidari izanda, Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkarrek berak elkarlanean garatutako proiektua izan zen, Euskal Herriko beste hainbat eragileren laguntzarekin», gogorarazi zuen Sorsek, eta, bai filmak bai telebista saioak izan zuten harrera ona ikusita, jarraipena ematearen alde mintzatu zen. «Ona litzateke haurrei begira gure herrian eta kulturan oinarritutako film eta telebista saio gehiago egitea hurrengo urteetan». Hala, eta ekoiztetxeak horretarako «nahikoa eskarmentu» baduela iritzita, ildo bereko proiektu berri bat garatzeko bultzada gisa eman diote saria Lotura Filmsi, 10.000 euroko laguntza dakarrena. Sors: «Gure itxaropena da urte batzuk barru zineman ikustea orain abiatuko denaren emaitza».

Esker oneko agertu zen Miren Berasategi ere, eta proiektuaren hastapenak ekarri zituen gogora. Izan ere, 2015ean abian jarritakoa «modu zabal batean» pentsatutako egitasmoa izan zela azaldu zuen, Lur eta Amets pertsonaiak ardatz hartuta hainbat bide jorratu zituena. «Momentu horretan, hutsune bat zegoen ikus-entzunezkoetan, ez zegoelako oraindik Euskal Herriaren historia kontatuko zuen proiekturik». Hutsune hori bete nahian ekin zioten filma eta telesaila ekoizteari, beste eragile batzuekin elkarlanean, eta helburu jakin batekin: «Hezkuntza eta entretenimendua uztartuz, gure herriko haur eta gazteek Euskal Herriko historia modu dibertigarri batean ezagutzea».

Ordutik hona eraikitako mundu hori lantzen eta zabaltzen jarraitu nahi dute orain, elkarlanaren bidetik betiere, eta, historiaz gain, kultura, osasuna, kirola, geografia eta beste hainbat gai lantzeko aukera ere izan daitekeela adierazi zuen Berasategik. «Lurrek eta Ametsek gai eta arlo ezberdinetan abentura paregabeak bizitzeko aukera ematen digute, eta hori da egin nahi duguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.