Bluesaren historiak lagundurik

'Solo' izena du Iker Piris musikariaren bakarkako lehen lanak. The Romanticos taldeko konpositoreak akustikoan grabatu du bere diskoa, eta blues doinuak dira nagusi

The Romanticos tadea alde batera utzi, eta Iker Piris & His Dual Electras proiektua aurkezten aritu da udan musikaria. GAZTELUPEKO HOTSAK.
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun

The Romanticos taldea denbora batez alde batera utzi du Iker Piris gitarra jole eta abeslariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1979) eta Solo argitaratu du, blues primitiboz bustitako abesti bilduma; bakarlari moduan plazaratzen duen lehen lana ere bada. Hamarkada betez aritu da taldean, eta bakarkako disko bat ateratzeko gogoa zuen. «Duela hamar urte hasi nintzen jotzen, eta, pixkanaka, behar diren ezagutzak eskuratzen, eta errepertorioa handitzen joan naiz, bakarkako proiektu bat defendatu ahal izateraino. Azken hamar urteetako ibilbidearen amaiera irudikatzen duen lana da bakarkako disko hau».

Circo Perrotti estudioetan grabatu du Pirisek diskoa, Jorge Muñoz-Cobo musikari eta produktorearekin elkarlanean. «Estudio honetan ia-ia dena analogikoa da. Lehen mailako materiala, vintage eta antzinakoa, baina baldintza oso onetan dagoena. Egia esanda, zoragarria izan da». Garai bateko erara egin du lan. «1940ko hamarkadan egin izan balitz bezala, ez moztu-itsatsi-rik, ez ordenagailurik».

Bi saiotan grabatu zuten disko osoa. «Diskoa ekoizten baino gehiago, talde lanean aritu gara Jorge eta biok. Azkar burutu genuen lana, bi arratsaldetan, hain zuzen, sei orduz arituta egun bakoitzean», argitu du. Akustikoan landutako kantak dira denak.

Kantu propio zein bertsioak

Pirisek berak konposatutako kantuak eta beste kantu batzuen bertsioen nahasketa da Solo. «Generoko abestiak daude: diskorako konposatutako kantuak, denbora batez jo ditudanak eta zenbait bertsio ere bai. Robert Johnsonen Dust My Room-en bertsio ezaguna adibidez, edota Blind Lemon Jeffersonen Black Horse Blues. Musika genero mota hau entzuten duenak ezagutzen ditu. Hain ezagunak ez diren beste batzuk ere badaude, eta horien eta nire kantu propioen nahasketa da album hau», adierazi du. Little Walteren, Tampa Reden eta Tommy Johnsonen abestien bertsioak ere egin ditu, esaterako.

[youtube]https://youtu.be/uvwbF-3TTXo[/youtube]

Bazuen Pirisek non aukeratu, 40ko hamarkadako kantu ugari ezagutzen baititu. «Oso ikastuna naiz, kantuak jo eta ikastea asko gustatzen zait, eta garai hartako asko ezagutzen ditut, oso ezagunak ez direnak barne».

Hasieran, disko labur bat egitea zen musikariaren ideia. «Lau kantuko EP bat egitea zen nire asmoa, baina kantuak segituan grabatu nituenez, eta gustura ari nintzenez, in situ grabatu genituen beste kantu batzuk, oso modu espontaneoan».

Oso gustura azaldu da bakarkako lehen esperientzia honekin. «Idazlearentzat liburu bat idazten bukatzea edo sukaldariarentzat prestatutako janaria platerean aurkeztea bezalaxe izan da niretzat diskoa argitaratzea». Beti izan ditu Pirisek bere grabaketa propioak, kontzertuetatik eskuratutakoak, adibidez. Aspalditik izan du grabaketa horiek entzuteko ohitura, gustatzen ez zaiona zuzentzeko edota ondo egiten dituen gauzei balioa emateko. Dena den, bistakoa eta «uki zitekeen zerbait» egin nahi zuen.

Bakarkako diskoaz gain, badu bestelako proiekturik ere esku artean. Alde batera utzia du The Romanticos taldea, baina udan buru belarri ibili da Iker Piris & His Dual Electras izenekoarekin, eta diskoa kaleratzeko asmoa du haiekin ere. Abdell B. Bob (kontrabaxua) eta Andy Martin (bateria) ditu kide. «Bakarlari moduan aritzearen guztiz kontrakoa da. Kontrabaxuaren eta bateriaren presentziarekin, askoz elektrikoagoa da musika».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.