Katalunia. Diada

Udalen aldaketaren aldarria Euskal Etxean

Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen EHAVui ziklo politikoan, martxoaren 24ko hauteskundeetan Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat udaletan izandako aldaketa politikoaz eztabaidatu dute.

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2015eko irailaren 11
00:00
Entzun
Diadaren bezperak Katalunian berez dakarren giroan, ehun lagun inguru bildu ziren atzo Bartzelonako Euskal Etxean, Euskal Herriko eta Kataluniako aldaketa politikoaz solasteko. Roger Pala, Critic egunkari digitaleko kazetariak gidatuta, Dolors Sabater (Guanyem, Badalona), Carles Escola (Compromis, per Cerdanyola), Eneko Goia (EAJ, Donostia) eta Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeako alkatearen bozeramailea, Aritz Romeo, taularatu ziren Euskal Etxeko mahai ingurura.

Katalunian, Bartzelonarekin batera, zalantzarik gabe Badalonan ospatu dute gehien aldaketa. 2011z geroztik, arrazakerian oinarritutako politikak zuzendu zituen Xavier Garcia Albiolen legealdiari amaiera eman baitio Guanyem Badalonak. «Hiritarron erantzukizun ekintza izan da Albiol udaletik kentzea eta aldaketaren beharrari esker» lortu dutela argi du Sabaterrek. «Badalona 1940ko, 50ko eta 60ko hamarkadetako immigrazioak sortutako hiria da, eta onartezina zen lau urte gehiagoz azken lau urteetan nagusitu diren politika gogorrak jasatea», oroitarazi du, gainera.

Immigrazioari dagokionez, antzekoa da Cerdanyola del Valles hiriko kasua ere, historikoki PSCk gobernatua. «Azken urteetan sumindura nagusitu zen, bai PSCren legealdietan, eta baita Iniciativak sei urtez egin zuen salbuespenean ere», azpimarratu zuen Escola alkateak.

Badalonarekin parekatu daiteke ziurrenik, Iruñeako Udalaren aldaketa. UPNren 16 urteko legealdiaren ondoren, EH Bilduko Joseba Asironek, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren babesari esker Nafarroako hiriburuaren gidaritza hartu duenetik. Aritz Romeo bozeramaileari bake prozesuaren inguruan galdetu ziotenean, txaloak nagusitu ziren, «oraindik, boligrafoa eta papera erabiltzeagatik Espainiako espetxeetan zigortuta dauden presoak» daudela oroitarazi zuenean.

Ekarpenen artean desberdinena, Goia alkateak berak onartu bezala, Donostiakoa izan zen. «Donostian ustekabeko aldaketa 2011n izan genuen, EH Bilduk Odon Elorza alkatetzatik baztertu zuenean. Baina hura ez zen EH Bilduren garaipena izan, PSEren porrota baizik», Goiaren ustez.

Batzea, aldaketaren gakoa

Atzoko ekimenak agerian jarri zuen maiatzeko hauteskundeen irakurketa argia: Euskal Herrian eta Katalunian, Espainiako hainbat txokotan bezala, herritarrek aldarrikatu duten aldaketa nahia. Izan ere, Iruñeak, Cerdanyolak eta Badalonak, egun, antzekotasun gehiago dituzte aldaketaren aldeko borrokak batu baititu. Alderdi guztiek iritzi bera dute: «Sekula ez bezala batu gara, ñabardura desberdinak dituzten alderdiak, azken urteetan nagusitu diren politikei aurre arrotzei egiteko». Aldaketa eman duten udalen arteko sarea osatzearen alde agertu zen Sabater, eta «herriarentzat izan ordez, herriarekin gobernatzearen garrantzia» azpimarratuz borobildu zuen mahai ingurua. Desberdintasunak desberdintasun, azken finean, aldaketak batu zituen atzoko partaideak Bartzelonako Euskal Etxean. Solasgaiak eta testuinguruak, tamalez, agerian utzi zuen azken egunotan han eta hemen aldaketaren sinbolo bilakatu den Ada Colau Bartzelonako alkatearen hutsunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.