Koronabirusa. Guillaume Barucq. Medikua

«Arazoa da derrigortzeak mesfidantza dakarrela nahi ala ez»

Oihana Teyseyre Kostarat
Baiona
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Guillaume Barucq medikua da, Miarritzen (Lapurdi). Atzotik, itxita dago haren kontsulta, osasun langileen derrigorrezko txertaketagatik protesta egiteko. Txertoa jarri ez duten langileei alternatibak eskaintzearen alde egin du.

Osasun langileek derrigorrez txertatu behar dute. Zer diozu?

Pentsatzen dut gehiegizko neurri bat dela. Frantzian osasun langileak eskas dira, eta zailtasunak ditugu berriak erakartzeko. Behin-behinean milaka langileren kontratuak eteteak arten eskuragarritasuna zailduko du, halabeharrez. Zentro batetik bestera, egoera ezberdina da; leku batzuetan, ez dute sortuko arazorik; beste lekuetan, bai. Arten eskuragarritasunari eta lan egiteko eskubideari dagokienez, arazo larriak sortzen ditu neurriak. Gune batzuetan osasun langile bakar bat gutxiago izateak arazo larriak sortzen ahal ditu.

Horregatik, Olivier Veran [Frantziako] Osasun ministroari gutun bat idatzi diot, alternatibak eskatzeko. Adibidez, txertorik jarri ez duten langileei uzten ahal zaie PCR proba erregularrak egiteko aukera.

Txertoarekiko mesfidantza erakusten dute batzuek...

Nik ikusten dudana da jendeak dudak dituela. Denbora pixka bat behar dutelako, adibidez, ez baitute berehala egin nahi. Arazoa da derrigortzeak mesfidantza dakarrela nahi ala ez. Jendeak denbora gehiago eskatzen du, eta hori entzungarria da. Eztabaida mozten baduzu, ezinezkoa da konbentzitzea. Ate bat irekia utziz gero, alternatibak plantan emanez, iritziz aldatzeko denbora uzten diezu txertatu nahi ez dutenei. Bestalde, ikusten ari gara birusaren olatuaren beheraldian garela orain, baina ez dakigu ondoko aldaerei nola erantzungo dien txertoak. Galderak eta dudak dituen jendearen lekuan jarri behar dugu, ulertzeko, eta pedagogia egiteko.

Zure kontsulta hetsirik dago atzotik. Nola hartu duzu erabakia?

Eskualdeko Osasun Agentziak hartutako erabakien ondotik deliberatu nuen. Agentziak iragarri du osasun langileak kontrolatzeko agenteak bidaliko dituela, eta txertorik ez dutenei isunak eta kartzela zigorrak ezartzen ahal dizkietela. Artatzea delitu bilakatzen ari dira, Ipar Euskal Herriko zenbait lekutan arta basamortuak ditugularik. Eta argiki diot: nire paziente gehienek jarria dute txertoa jadanik, eta arriskuak dituzten pazienteak eta publiko zaurgarriarekin lan egiten dutenak jartzera bultzatzen ditut. Baina metodoa ez da ona.

Zein da, beraz, metodoa?

Ikusten dut Hego Euskal Herrian nola pasatzen den. Oso ezberdina da, eta arrazoia dute gauza anitzetan. Lekuko agintari politikoek osasun eskumena dute gauza anitzetarako, beren egiturak kudeatzen dituzte, eta, beraz, herritarrengandik hurbilago dira. Neurriak egokiago hartzen dira, eta txertaketa kanpaina ere hobeki joan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.