Covitek eutsi egin nahi dio Poliziaren biktimen legeari jarritako helegiteari

Parlamentuak gaur arbuioa adieraziko dio Konstituzionalak Nafarroako arauaz emaniko epaiari

Erredakzioa
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zion Eusko Legebiltzarrak poliziaren indarkeriaren biktimen inguruan onartutako legeari, baina, Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortu duenez, helegite hori erretiratzea erabaki zuen Pedro Sanchezen gobernuak. Litekeena da neurria gaur bertan hartzea, ministroen kontseiluan. Erabaki horrekin ez daude ados, ordea, Covite biktimen elkartea eta Guardia Zibilaren nahiz Espainiako Poliziaren elkarte eta sindikatu nagusiak, eta helegiteari eusteko eskatu diote Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari.

Elkarteok uste dute gobernuak errekurtsoa kenduz gero erabakiaren «injustizia eta moraltasunik eza jakinik» hartuko duela neurria. Zehazki, kritikatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko legeak nahiz gai beraren inguruan Nafarroako Parlamentuak onartutako arauak «gatazkaren kontakizuna» sortzen laguntzen dutela, eta kontakizun hori «mehatxatua ez dagoen bizikidetza baten izenean» eraiki dela. Uste dute horren helburua «memoria alternatibo bat» eratzea dela, «ETAren iragan gaizkilea zuritzeko eta terrorismoaren biktimena zikintzeko». «Duintasun gabezia» hori ikusita, elkarteek ohartarazi dute legezko bitarteko guztiak baliatuko dituztela.

Adierazpena Nafarroan

Nafarroako Parlamentuak arbuioa adieraziko dio gaur Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako ebazpen bati: Poliziaren eta eskuin muturreko taldeen indarkeriaren biktimei buruzko Nafarroako legearen aurkakoa da helegite hori. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adierazpen instituzional bat erregistratu zuten asteartean, eta gaur izango dute eztabaidagai Parlamentuko Mahaian eta Bozeramaileen Batzordean.

Idatzian, Nafarroako Gobernua babesten duen laukoak salatu du auzitegiak parlamentuaren borondatearen kontra egin duela eta, horrela, biktimak aitortzeko eta erreparazioa emateko aukera oztopatzen duela. Beraz, laukoak auzitegiari leporatu dio biktimak «babesik gabe» uztea, eta adierazi du konpromisoa duela biktimen eskubideak defendatzeko eta legezko bide guztiak aztertzeko, biktimen aitortza eta erreparazioa gauza daitezen. Lau indar politikoek Nafarroako Gobernuari eskatu diote bere egiteko konpromiso hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.