Udal maparen erreforma «aukera historikotzat» jo du manifestu batek

Nafarroako 50 udal kargudunek baino gehiagok sinatu dute agiria; tartean da Iruñeko alkatea

joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Hiru urteko bide luzearen ostean, bihar amaiera emango diote Nafarroako udal egitura aldatzeko prozesuari. Parlamentuko osoko bilkuran bozkatuko dute erreforma, baina oraindik ere ez dago argi zein izango den emaitza. Tokiko Administrazioaren Legea aldatzeko, gehiengo osoa behar da, eta Orain Baik oraindik ez du argitu zer egingo duen. Nafarroako udal eremuko 57 kargudun publikok, berriz, manifestu bat plazaratu zuten atzo, eta erreforma «zeharo funtsezkoa» dela azpimarratu, «aukera historikotzat» jo, eta aurrera ez ateratzearen ondorio larriez ohartarazi.

Sinatzaileen artean daude Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Arturo Goldarazena Tafallakoa, Koldo Leoz Lizarrakoa, Alfonso Etxeberria Eguesibarkoa, Oihaneder Indakoetxea Barañaingoa, Jon Gondan Zizur Nagusikoa eta Pablo Azkona Lodosako alkate eta Nafarroako Udal eta Kontzeju Federazioko burua. Halaber, herrialdeko hainbat mankomunitateko ordezkarik babestu du —erreformak mankomunitateak hamabi eskualdetan biltzea proposatuko du—. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako hainbat hautetsik ere izenpetu dute.

1991n onartu zen Tokiko Administrazioaren Foru Legea, eta, manifestuaren sinatzaileen arabera, «udal egituraren antolaketa eraginkor bat beharrezkoa» da 30 urteren ostean. Aurreko legealdian UPN eta PSNren gobernuak bitan «huts egin zuen», eta ez zuten adostasunaren bidea jorratu; orain, aldiz, egin da bide hori, eta «mugarri historikoa» izan dela deritzote atzo aurkeztutako agiriaren sinatzaileek.Horregatik, «inoiz ez bezalako prozesu parte hartzailea» egin dela azpimarratu dute, «behe-behetik» hasitakoa delakoan. Izenpetzaileen arabera, udal maparen erreforma aurrera ateraz gero, bete egingo da 2015eko akordio programatikoan hitzartutako konpromisoa: «Argi dago hainbat gauza egiteko geratu direla, eta datorren legealdian ekin beharko zaie». Finantzaketa zehaztu beharko dela onartu dute, baina funtsezkotzat jo dute udal egitura «arrazoizko eta eraginkor baten oinarriak» ezartzea.

Orain Baik ez du argitu zer egingo duen, eta testuinguru horretan dator manifestua; lege aldaketa ez onartzearen ondorioez ohartarazi dute. Izan ere, 30 urtez «ezer egin gabe egon ostean», egitura zaharkituta dagoela deritzote. «Ezin dugu alferrik galdu tokiko erakundeendako garai berria irekitzeko aukera historikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.