Altsasuko auzian terrorismorik ez zela izan onartu du orain fiskaltzak

Fiskalak ez dio helegiterik jarriko azken epaiari. Defentsak absoluzioa eskatuko du Gorenean

Maider Galardi
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ez dio helegiterik jarriko auzitegiko apelazio salak Altsasuko auziaren harira emandako azken epaiari. Hortaz, fiskalak lehen aldiz onartu du ez zela terrorismorik izan 2016ko urrian Altsasun (Nafarroa) izandako liskarretan. Defentsak, berriz, jakinarazi du helegitea jarriko duela Auzitegi Gorenean, eta absoluzioa eskatuko duela zigortutako zortzi gazteentzat.

Auzitegi Nazionalak martxoaren 7an eman zuen Altsasuko auziari buruzko azken epaia. Bertan azaldu zuen epaimahaiak baztertu egiten zuela gazte auzipetuei terrorismo delitua leporatzea, baina berretsi egin zituen ordura arte ezarritako espetxe zigorrak: bi eta hamahiru urte artekoak. Gainera, bazterketa ideologikoa ere egotzi zien gazteei. Orain, fiskaltzak erabaki du ez duela aurkeztuko helegiterik, eta, hortaz, ontzat jo du epaileek esandakoa, nahiz eta epaiketaren hasieratik heldu dion terrorismo delituaren eskaerari.

Zortzi gazte zigortuen defentsak, ordea, Auzitegi Gorenera jo du helegitea ipintzeko, eta jakinarazi dute absoluzioa eskatuko dutela gazteentzat. Epaia kaleratu ostean, Amaia Izko defentsa abokatuak adierazi zuen Auzitegi Nazionalaren epaiak «kontakizun artifizial» bati erantzuten diola, eta biktimen testigantzak lehenetsi direla «kontakizun puztu bat justifikatzeko». Zigortutako gazteen gurasoek ere salatu zuten terrorismo delitua ez egotzi arren «terrorista gisa epaituak» izan zirela euren seme-alabak.

Defentsak ez ezik, herri akusazio gisa ari den Covite elkarteak ere jakinarazi du helegitea jarriko duela Auzitegi Gorenean; epaimahaiari zigor handiagoa eskatuko diote, ordea. Elkartearen arabera, gazteei terrorismo delitua egotzi behar zaie Koxka tabernan bi guardia zibilek eta beren bikoteek jasan zuten erasoagatik.

Azken epaiaren ondorioak

Joan den martxoaren 7an Auzitegi Nazionaleko apelazio salak epaia eman zuenean, onartu zuen ez zela terrorismo deliturik izan Altsasuko liskarretan, baina, Iñaki Abadena izan ezik, ez zituen murriztu Auzitegi Nagusiak jarritako zigorrak. Horrek erreakzio ugari ekarri zituen, eta joan den larunbatean manifestazioa egin zuten Altsasun, auzipetutako gazteak askatzeko eskatzeko. Orain, defentsak Gorenean jarriko du helegitea, eta baliteke urte amaierara arte luzatzea prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.