Etxegabe bat hil da Bilbon, Beste Bi plataformak jakinarazi duenez

Joan den ostiralean zendu zen emakumea. Beste Bi elkarteak omenaldia egingo dio gaur

Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Emakume etxegabe bat hil zen joan den ostiralean Bilbon, BesteBi elkarteak aditzera eman duenez. Emakumea kalean bizi zen, eta gizarte zerbitzuen arta jasotzen zuen. Gaur-gaurkoz, ez dute emakumearen inguruko beste daturik eman.

Beste Bi plataformak adierazi du ekitaldi bat egingo dutela haren omenez. Hain zuzen, gaur egingo diote omenaldi hori, Bilboko Areatzan, 11:00etan hasita. Beste Bi plataforma etxegabeen eta etxebizitza duinaren defentsan lanean diharduten hogei bat erakundek eta norbanakoek osatzen dute; besteak beste, CEAR Euskadik, Caritas Bizkaiak eta Munduko Medikuak erakundeak.

Urteko hirugarrena

Jakinarazi berri duten heriotzarekin, urtea hasi zenetik orotara kalean bizi ziren hiru pertsona hil dira Euskal Herrian. Urtarrilean, 56 urteko gizon baten gorpua topatu zuten Hendaian (Lapurdi), auto batean. Era berean, urtarrilaren erdialdera abenduaren amaieran desagertutako etxegabe baten gorpuzkiak aurkitu zituzten Getxoko Arrigunaga hondartzan (Bizkaia). Barakaldoko gizon batenak ziren; 34 urte zituen, eta kalean bizi zen. 51 urteko gizon bat dago kartzelan, behin-behinean, hura hiltzea egotzita.

Gainera, martxoaren 12an—duela bi aste pasatxo—, Piotr izena zuen 23 urteko gizon gaztea zendu zen Bilbon bertan. Poloniakoa zen jaiotzez, baina bi urte zeraman Euskal Herrian. Peter deitzen zioten auzoan. Duela astebete eman zuten heriotzaren berri, eta etxegabeen egoera salatzeko mobilizazioak egin zituzten. Bilboko udalbatzan ere landu zuten gaia, eta Juan Maria Aburto alkateak ziurtatu zuen «lehentasunezkoa» zela etxegabeei irtenbidea ematea. Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak «egiturazko neurrien» beharra azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.