Esparzak koalizio gobernu bat eta presidenteordetza eskaini dizkio Txibiteri

UPNko buruak kritikatu du PSNk uko egin diola biltzeari. Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aurreraurratsak nabari dituzte negoziazioetan

jon olano
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko presidentetza eskuratzen saiatzeko prozesuan, makilaren eta azenarioaren estrategia darabil Navarra Sumak. Herenegun, Javier Esparza UPNko presidente eta koalizioko lehendakarigaiak EH Bildurekin akordioak egitearen «immoralitateaz» ohartarazi zion PSNri, eta, Pablo Casado eta Albert Rivera PPko eta Ciudadanoseko presidenteekin batera, hitzeman zuen ez dutela etorkizunean sozialistekin hitzarmenik egingo PSN eta PSOE EH Bildurekin ados jartzen badira. Atzo, ordea, astearteko tonua samurtu zuen, eta eskaintza egin zion PSNri, hura limurtze aldera: Navarra Suma prest dago PSNrekin gobernu koalizio bat osatzeko eta Maria Txibite presidenteorde izateko.

Esparza Onda Cero irrati katean elkarrizketatu zuten atzo, eta, azaldu zuenaren arabera, ez dirudi Navarra Sumaren eskaintzak PSNren asmoak aldatuko dituenik. Izan ere, Navarra Suma «hiru aldiz» saiatu da sozialistekin batzartzen, eta hiruretan erantzun dute ezezkoa: «Nafarroan boto gehien duen alderdia gara, gure parlamentari kopuruaren erdia dauka PSNk, eta ezetz esaten digu. [EH] Bildurekin alderatzen gaituzte».

Esparzaren ustez, «Nafarroaren esentziari eta izateari buruz hitz egiteko garaia» da, eta ziurtzat jo du PSN eta EH Bildu ados jarri direla Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren osaketan: «Ezein mahai ez da osatzen akordiorik gabe, eta Bildu hor badago, akordio bat dagoelako dago». Orain, Esparzak oroitarazi du Nafarroako Gobernua osatu ahal izateko eta Maria Txibite presidente izateko, EH Bilduren babesa edo abstentzioa beharrezkoa dela, baina uste du «garaiz» daudela hori «zuzentzeko».

PSNk, ordea, bilerak egiten jarraitzen du Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin, Txibiteren inbestidurarako eta gobernuaren eraketarako hitzarmen bat erdieste aldera. Lau indar politikoak asteon ari dira sektorekako bilerak egiten, eta gaur arratsaldean egingo dute batzar horiek eman dutenaren balorazio bilera orokor bat. Aitzitik, egunotan «aurrerapauso garrantzitsuak» eman dituztela nabarmendu dute Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, Efe agentziari azaldu diotenez.

Zazpi mahaitan ari dira negoziatzen: hezkuntzaz, kulturaz eta kirolaz; berdintasunaz, politika sozialaz eta osasungintzaz; hizkuntz politikaz; enpleguaz, programa ekonomikoaz eta zerga politikaz; memoriaz eta funtzio publikoaz; eta tokiko administrazioaz, ingurumenaz, iraunkorrtasunaz eta energia berdeaz. Orain arte hitz egindakoari buruzko xehetasunik eman gabe, Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak azaldu du «oso pozik» daudela, PSNren lehen proposamenean jada jasota ageri direlako aurreko gobernua sostengatu zuen akordio programatikoaren hainbat puntu. Mikel Buil Ahal Dugu-ko eledunak ere aitortu du «irudipen ona» izaten ari direla egunotan. Ezkerrako ordezkari Txema Mauleonek, berriz, esan du lanak «erritmo onean» doazela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.