Abalak erregistratuta, «arduraz eta ilusioz» aurkeztuko da Ramirez

124 kidek babestu dute; ildo kritikoak esan du behar adina dituela Ipar Euskal Herrian. Nazio Batzarrak dio hari dagokiola araudia zehaztea

Maiorga Ramirez, abalak aurkezten, atzo, Iruñeko alkartetxean. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunako idazkari nagusia izateko hauteskunde primarioen egutegian, gauerdian amaitu da hautagaitzak aurkezteko epea. Eva Blancok ostegunean eman zuen bere burua aurkezteko asmoaren berri, eta zuzendaritzako iturriek jakinarazi zuten Blancok jada bazituela beharrezko abalak. Atzo, bereak aurkeztu zituen Maiorga Ramirezek, Iruñeko alkartetxean: 124 baino gehiago jaso ditu Nafarroan, eta, horrela, gainditutzat eman du Berme Batzordeak primarioen araudi moldatuan jasotako baldintza bakarra: gutxienez 50 abal eskuratzea. Halere, ildo kritikoko iturriek BERRIAri azaldu diote badituztela bost abal Ipar Euskal Herrian, eta, hala, bete egin dute primarioen araudiak hura aldatu aurretik jasotako baldintza.

Ramirezek «arduraz eta ilusioz» heldu dio erronkari, eta pozik agertu zen hautagaitza babestu dutenak gogoratzean. Batzuk aipatu zituen: Carlos Garaikoetxea eta Koldo Amezketa alderdiaren sortzaileak, Maider Beloki eta Eva Aranguren Iruñeko zinegotziak... Erantsi zuen «egun garrantzitsua» izan zela atzokoa «EArentzat eta EA herri honetako politikaren lehen lerroan egotea nahi dugunontzat ».

Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak astelehenean izendatuko ditu baleko hautagaitzak. Ikusteke dago, ordea, batzorde horrek primarioen araudiaren zein bertsio hartzen duen aintzat: Nazio Batzarrak ekainaren 13an onartu eta herenegun berretsitakoa edo Berme Batzordeak joan den ostiralean moldatutakoa.

Ebazpen «baliogabea»

Izan ere, Nazio Batzarrak ebazpen bat onartu zuen ostegunean, besteak beste, azpimarratuz hura dela «alderdiaren organo gorena biltzar batetik besterako tartean», haren eginkizunen artean dagoela «araudiak onartzea»tartean primarioena— eta alderdiaren «estatutuei eta antolakuntza araudiari aurka egiten dion ezein ebazpen baliogabea» dela. Hortaz, aldeko 55 botorekin eta kontrako 39rekin, Nazio Batzarrak erabaki zuen primarioen araudiaren ekaineko bertsioa erabiltzea prozeduran zehar, Berme Batzordearen aldaketak aintzat hartu gabe. Ekaineko araudian beste gutxieneko baldintza bat dago jasota: herrialde bakoitzean bost abal izatea gutxienez.

Ipar Euskal Herrian dago bost abal lortzeko zailtasuna, EAk hogeiren bat afiliatu dituelako Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.