Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dute Espainiako erregea 'persona non grata' izendatu

Elkarrekin Podemosek aurkeztutako proposamenaren aurka bozkatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk; EH Bilduk bakarrik eman du aldeko boza

Espainiako errege-erreginak, joan den ostiralean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Bizkaiko EP Elkarrekin Podemosek Espainiako erregea eta errege emeritua persona non grata izendatzeko proposamenaz eztabaidatu zuten atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan. Baina ganberak atzera bota zuen ekinbidea, EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu zutelako. EH Bilduk soilik egin zuen proposamenaren alde.

Erregeari Bizkaiko Jaunaren titulua kentzeko eskaera ere badago aurkeztutako testuan. Israel Escalante EPren bozeramaileak adierazi zuen proposamena egiteko arrazoia azken hilabeteetako «eskandaluak» izan direla, eta horiei adi erreparatzeko eskatu zuen.

EH Bilduko bozeramaile Bea Ilardiak nabarmendu zuenez, monarkiarekin lotutako kontuetan «isiltasunaren legea» gailentzen da. Eta, errege gisa aitortzen ez duen arren, Espainiako monarkiak Bizkaiko «titulu sinbolikorik» ez edukitzeko nahia duela azpimarratu zuen.

Bestelakoa izan zen, ordea, EAJren eta PSEren erantzuna. Proposamena puntuz puntu bozkatzeko eskatu zuten, atal batzuekin bat egiten baitzuten. Dena den, Bizkaiako EPk ez zuen eskaera onartu, eta, proposamena bere osotasunean bozkatu zutenez, EAJk eta PSEk ezezko botoa eman zuten.

PPk ere ezezkoa eman zion proposamenari. Amaia Fernandez taldeko bozeramaileak adierazi zuen auzi guztiek «errugabetasun presuntzioa» eduki behar dutela. Horrez gain, nabarmendu zuen «egoera zail honetan» ez dutela parte hartuko «gatazka» sortu nahi duen kanpaina batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.