Mikel Barrios aske uzteko eskaera ukatu du Parisko Dei Auzitegiak

Epaileek argudiatu dute euskal presoak «ihes egiteko aukera» dagoela. Defentsaren arabera, deliberoak ez du «ez hanka eta ez bururik»

Ekainean Barriosen alde egindako mobilizazioa, Itsasun (Lapurdi). G. FAUVEAU.
Igor Susaeta.
2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Parisko Dei Auzitegiak Mikel Barrios euskal presoa aske uzteko eskaera ukatu zuen atzo, eta joan den ekainaren 23an hartutako erabakia berretsi: hau da, bost urteko espetxe zigorra, «erakunde kriminaleko» kide izatea egotzita. Mont-de-Marsanen (Okzitania) dago kartzelatua.

Xantiana Cachenaut euskal presoaren abokatuak BERRIAri adierazi dionez, erabakiak ez du «ez hanka, eta ez bururik». Haren esanetan, auzitegiak argudiatu du Barriosek «ihes egiteko aukera» dagoela. Cachenauten arabera, epaileei gogorarazi diete Barriosek bazuela «lan bat, bazuela etxebizitza bat» azken aldiz kartzelatua izan zenean, joan den ekainean. 2017ko urrian atxilotu zuten Barrios, Alemanian, eta handik Frantziara eraman zuten, abenduan. Osnyko (Frantzia) presondegian espetxeratu zuten, eta 2018ko urrian utzi zuten aske, zaintzapean. «Ezarri zizkioten neurri guztiak betetzen zituen». Duela bi hilabete epaitu zuten. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen; defentsak, berriz, kargurik gabe aske uztea, argudiatuta haren aurkako akusazioak ETAk borroka armatua behin betiko utzi ondorengoak direla.

Bake Bideak erabakia kritikatu du ohar batean, eta nabarmendu du ebazpena «neurriz kanpokoa eta ulertezina» dela, «Euskal Herriko egungo testuingurua ikusita». Bake Bideak pentsatzen du, gainera, «tresna juridiko guztiek» testuinguru hori kontuan hartu beharko luketela.

EH Bildu ere kritiko agertu da. «Ulertezina iruditzen zaigu Mikel Barrios euskal presoa espetxean izateko Parisko Dei Auzitegiak hartutako erabakia. Espetxeak husteko garaia da, ez betetzekoa», azpimarratu du koalizio independentistak bere Twitter kontuan.

Barrios askatzearen aldeko hainbat protesta egin dira azken asteetan, eta, horiei jarraikiz, Arrosadiko Sare taldeak (Iruñea) Mont-de-Marsango espetxerako bizikleta martxa bat antolatu du, Iturgoiendik, irailaren 4tik 6ra bitartean. Bake Bideak eta Bakegileek bat egin dute martxarekin, eta gogoratu dute irailaren 19rako ere beste mobilizazio bat iragarri dutela, Zigorra hiltzeraino bete? 30 urte aski da lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.