«Ate birakariak» legez debekatzeko proposamena aurkeztu du EH Bilduk

Eragotzi egin nahi dute kargu politikoek «jauzi» egitea enpresa handietako ardura postuetara. «EAJk eraiki duen sare klientelarra» salatu dute

Maddalen Iriarte legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu du «ate birakariak» eragozteko. Lege bidez debekatu nahi dute «goi kargu politiko bat» izan dutenek «zuzenean jauzi» egitea enpresa handietako administrazio kontseiluetara, Maddalen Iriarte legebiltzarkideak atzo azaldu zuenez. Nabarmendu zuen ez dela «fenomeno berria», eta «beti alderdi jakin batzuetakoek» egin izan dutela. «Ate birakariak EAJk urteetan eraiki duen sare klientelar handiaren pieza bat dira», salatu zuen, eta nabarmendu fenomeno horren ondorioz botere politikoa «botere ekonomikoaren menpe» geratzen dela.

Lege proposamena, zehazki, bi neurritan oinarrituko da: batetik, gaur egun martxan dagoen Etika Batzordea —kargudun politikoz osatuta dago, eta Jaurlaritzaren menpe dago— Etika Kodearekin eta Gobernu Onerako Organo Independentearekin ordezkatzea proposatu du koalizioak. Organo hori ez litzateke Jaurlaritzaren menpe egongo, eta funtzionarioek osatuko lukete: «Independentzia osoz jardungo dute interes gatazkak atzeman eta ate birakariak galarazteko».

Horrez gain, beste oinarrizko neurri bat jasotzen du lege proposamenak: behin ardura politikoa utzita, kargudun politiko ohiek bi urtez itxaron beharko dute enpresen administrazio kontseiluetan sartu ahal izateko. Neurri horren helburua zera da, «influentziak erabiltzeari dagokionez muga jartzea», azaldu zutenez.

Nabarmendu zuten proposamenak, kargudun publikoei aplikatu beharreko baldintzak zehazteaz gain, pertsona horiek kontratatu nahi izanez gero enpresa pribatuek bete beharreko baldintzak ere zehaztuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.