Koronabirusa

Arabako Aldundiak «sakrifizioak» egin beharko ditu obra publikoetan

Aurrekontuak kontrolatzeko araua ere moldatuko du epe motzeko zorpetzea handitzeko

aitor biain
Gasteiz
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Krisiak kontu publikoetan eragingo duen zuloari tamaina hartzen hasiak dira erakundeak, eta, ekintza planak martxan jarri ondoren, gastuari erreparatzen hasteko unea iritsi zaie orain. Arabako Aldundiak iragarri du obra publiko batzuei eutsi egingo zaiela 60 milioi euroren inbertsioak egingo ditu errepideak konpontzeko eta Gasteizko tranbia luzatzeko, besteak beste, baina beste zenbait inbertsiotan«sakrifizioak» ere egin beharko dituela. Lehentasunen zerrendan atzeko postuetan jarri ditu dagoeneko Gasteizko auditoriuma, Mendizorrotza berritzea, musika eta kirol ekitaldiak, eta haurren udalekuak.

Baina horiekin ere ez du aski izango ogasunak diru sarreretan izango duten apalaldiari aurre egiteko, eta ezinbestekoa izango zaio zorra handitzea. Arabak, hain zuzen, epe motzera zorpetzeko gaitasuna handitu nahi du, eta, horretarako, aurrekontuak kontrolatzeko legea moldatuko duela iragarri du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, Batzar Nagusietan krisiari aurre egiteko ondutako planaren aurkezpen agerraldian.

Gaur egungo foru arauak zehazten du diru sarrera arrunten %10 izan behar duela epe laburreko zorpetze mugak. Baina muga hori aldatu nahi du diputazioak, zorpetze ahalmenak 248 milioi euroren langa gaindi dezan. Gonzalezek esan du gehienez ere urtebetean itzuli beharreko epe laburreko mailegu edo kredituak hitzartu ahal izango dituela horri esker, eta aldundiaren likidazioa «modu nabarmenean» hobetzen lagunduko duela ondorioz. Gaurko gobernu bileran onartuko dute aldaketa.

Ez da Arabako ahaldun nagusiak moldatu nahi duen lege bakarra, halere. Egonkortasunerako legea ere moldatu nahi du, defizita eta gastu araua ere malgutzeko. Gaia aztertzeko eskatu zion Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoari, baina Gonzalezek esan du erabakiaren zain daudela oraindik.

«Lehen neurriak hartu ditugu, baina etorkizunera begira lan egin behar dugu, datozen urteetarako Arabaren lehentasunak planifikatuz eta erabakiz», esan du Gonzalezek. Uste du, halere, «goiz» dela krisiaren benetako eragina neurtzeko, aurreikuspenak aldatzen ari direlako itxialdia arintzearekin batera. Gainerako alderdiei, baina, eskatu die «egonkortasun politikoari eusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.