Martuteneko presondegian hilda aurkitu dute preso bat: 41 urteko gizonezko bat

Funtzionario talde batek eman du albistea, eta baieztatu egin dute gero Espetxe Erakundeetako iturriek. Ikerketa bat abian dela adierazi dute

Martuteneko presondegia, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Atzo goizean, presoen ohiko zenbaketa egitean, horietako bat hilotz zegoela ikusi zuten Martuteneko espetxean (Donostia). Kartzeletako langileen talde batek eman zuen gertaeraren berri aurrena, eta Espainiako Espetxe Erakundeen idazkaritza nagusiak baieztatu egin zuen ondoren. Presoaren identitateari buruzko argibiderik ezin dutela eman esan dute bertako informazio iturriek; oraingoz, 41 urteko gizonezko bat dela baieztatu dute, besterik ez. Datuak babesteko legeak beste ezer esatea eragozten diela diote.

Heriotzaren kausa argitzeko ere denbora beharko dela adierazi dute Espainia Espetxe Erakundeetako arduradunek. Hilotzari autopsia egin beharko zaiola esan dute, eta auzibide bat irekiko dela; horrez gain, barne ikerketa bat ere egingo dutela adierazi dute. Zenbait informazio iturritan zabaldu da, hala ere, zein izan daitekeen preso horren heriotzaren motiboa: gaindosi bat.

Espetxeetako egoerarekin kezka handia dago. Iaz, esaterako, Zaballako kartzelan (Araba) bost preso hil ziren; zabaldu diren datuen arabera, gaindosien ondorioz hil ziren bi, eta beren buruaz beste eginda beste bi. Argitzeko dago beste bat. Gizonezko gazteak ziren gehienak. Espetxeetako baldintza kaskarrak salatze aldera, presoen heriotzen berri ematen dihardu funtzionario talde batek, eta, horien arabera, iragan abenduaren 20an ere hil zen preso bat Martutenen. Funtzionario horiek salatu izan dituzte kartzeletan gertatutako borrokak ere: iazko urriaren amaieran, esaterako, «istilu baten» berri eman zuten. Espetxeko zuzendaritzak zortzi preso bakartu zituen egoera horren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.