Altsasuko gazteetako hiru hirugarren graduan izango dira gaurtik aurrera

Zaballako espetxeko funtzionarioek Adur Ramirez de Aldari, Jokin Unamunori eta Oihan Arnanzi jakinarazi diete gradua aldatuko dietela

Altsasukoen aldeko elkarretaratzea, iazko sanferminetan. J. MANTEROLA / FOKU.
Erredakzioa
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Altsasuko gazteen gurasoek jakinarazi dutenez, Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz gazteak hirugarren gradura pasatu dira. Ondorioz, gaur bertan gradu horrek dauzkan onurak baliatu ahal izango dituzte. Hala jakinarazi zieten atzo, Zaballako (Araba) espetxeko funtzionarioek. Urtarrilean sailkatu zituzten gazteetako bost bigarren graduan, eta horien artean zeuden orain hirugarren gradua eskuratu dutenak. Hiru horiek dira espetxean egun gehien daramaten Altsasuko gazteak.

Altsasuko auziko beste bi gazteei, Iñaki Abadi eta Aratz Urrizolari, Eguberrien aurretik ezarri zieten bigarren gradua, eta ordutik espetxetik kanpo igarotzen dituzte eguna eta asteburuak. Horiek izan ziren, hain zuzen, espetxe zigor txikienak: hiru urte eta erdikoa Abadek, eta lau urte eta bi hilabetekoa Urrizolak. Gainontzekoek zigor handiagoak izan zituzten: Oihan Arnanzek bederatzi urte eta erdi, Ramirez de Aldak eta Unamunok zortzi urte eta erdi, eta Julen Goikoetxeak eta Jon Ander Cobek zazpi urte eta erdi.

1.326 egun preso

Hiru urte eta ia hamar hilabete pasatu dira gazteentzat eta haien familientzat amesgaiztoa hasi zenetik. 2016ko urriaren 15eko goizaldean Koxka tabernaren inguruetan izandako liskarrek bizitza betiko aldatu zieten. Terrorismo delitua egotzita, Auzitegi Nazionalak bere gain hartu zuen instrukzioa, eta urte hartako azaroaren 14an atxilotu zituen Altsasuko zortzi gazte. Hilabete baten buruan lau gazte aske utzi bazituen ere, ordutik preso daude Jokin Unamuno, Oihan Arnanz eta Adur Ramirez de Alda.

Iazko apirilean, epaiketa egin zuten Auzitegi Nazionalean, eta ekainaren 1ean 79 urteko espetxe zigorra ezarri zieten, guztira, zortzi gazteei —bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak—. Epai haren ondotik, espetxeratu egin zituzten Abad, Urrizola, Goikoetxea eta Cob.

Martxoan, Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak berretsi egin zuen lehen epai hura; urrian, berriz, Auzitegi Gorenak espetxeratuei zigorra murriztu zien —hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi artean—, ez baitzuen arrazoirik ikusi ideologiagatiko astungarriak ezartzeko.

Berria ezagutu eta gero, Nafarroako EH Bilduk nabarmendu du «albiste ona» dela, baina ez dela «justizia eginen» Altsasuko gazteak kalean izan arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.