Erregaiaren zerga petrolioaren preziora moldatuko du Frantziak

Zerga igoko du, Jaka Horiekiko eztabaida zabaldu arren. 2035erako 14 zentral nuklear itxiko ditu

Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Epe luzeko energia politika eta epe laburrekoa uztartzeko ahalegina egingo du Frantziako Gobernuak. «Munduaren bukaera eta hilabetearen bukaera, biei helduko diegu», ziurtatu du Emmanuel Macron presidenteak, Jaka Horien mugimenduaren atzean dagoen «alarma soziala» entzun duela ulertarazteko. Ingurumenari begira, energia berriztagarriak bultzatuko dituzte, eta erregai fosilen eta nuklearraren pisua txikitu. Herritarren sakelari begira, erregaien gaineko zerga petrolioaren prezioaren gorabeheretara moldatuko dutela agindu du Frantziako Errepublikako presidenteak, trantsizio energetikoari buruzko planaren aurkezpenean.

Trantsizio energetiko horrek kostu bat du. Gaur egun, urtero 5.000 milioi inbertitzen dituzte energia berriztagarriak bultzatzeko, eta kopuru hori 7.000-8.000 milioi eurora igoko dute. Argi utzi zuen inbertsio hori finantzatzeko erregaien gaineko zerga urtarrilaren 1ean igotzeko asmoari eusten diola, baina keinu bat egin zien Jaka Horiei. «Ez dut nahi trantsizio ekologikoak lurraldeen arteko desberdintasunak handitzea, eta are gehiago zailtzea nekazaritza eremuetan edo hiriguneen aldirietan bizi direnen egoera».

Gobernatzeko moldea aldatu nahi duela erakusteko, abian jarriko du «trantsizio ekologikoa eta soziala aztertzeko eztabaida handi bat», eta hiru hilabeteren buruan izan beharko luke emaitza. Horretan parte hartzera gonbidatu ditu hautetsiak, elkarteak, baita Jaka Horien ordezkariak ere. «Azken egunetatik ikasi dut ezin zaiola bideari uko egin bidezkoa denean, baina gauzak egiteko moldeak aldatu behar direla, herritarrek ulertzen baitute gauzak inposatzen zaizkiela».

Nuklearren itxiera

Industria nuklearrak argindarraren sorreran duen pisua %75etik %50era jaitsiko duela agindu du Macronek. 2035era arte hamalau erreaktore itxi nahi ditu: 2020rako, Fessenheimgo biak (Alsazia), eta beste sei edo zortzi 2028rako. Azken horietan egon daiteke Le Blayaiskoa, Baionatik 200 kilometrora. Ixteko erritmoa energia berriztagarrien bilakaerak finkatuko du. 2030erako hirukoiztu egin nahi dute parke eolikoen ekarpena, eta bost aldiz handitu nahi dute energia fotovoltaikoarena. Ikatza erretzen duten lau zentralek, berriz, beranduenik 2022. urtean itxiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.