DBSEaren erreforma urte baten ostean itzuliko da Eusko Legebiltzarrera

PPk tramiterako onartuko du. «Eztabaida serio» bat egiteko eskatu dio Artolazabalek oposizioari

Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Urtebete egin du tiradera batean sartuta EAJk eta PSE-EEk DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatzeko lege proposamenak. Iazko ekainaren 28an, ikusita oposizioko talde bakar baten babesa ez zuela jasoko eta bozketa galtzera zihoala, proposamena bertan behera utzi zuen Eusko Jaurlaritzari eusten dion bikoak. Legebiltzarrera itzuliko da legegaia etzi, eta, uste denez, tramiterako onartuko dute, PPk iragarria duelako «erraztu» egingo duela eztabaida. Jeltzaleen eta sozialisten proposamenaren zenbait punturen aurka daudela zehaztu dute PPkoek, eta zuzenketen bidez saiatuko direla testua aldatzen. Elkarrekin Podemosek tramitatzearen aurkako botoa emango diola aurreratu dio Efe agentziari. EH Bilduk ez du jarrerarik adierazi oraingoz. Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako kontseilariak, berriz, azaldu du «eztabaida serioa» egin nahi dutela.

2018ko apirilean aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk DSBEa aldatzeko proposamena, azken urteetan «laguntzaren kudeaketan sortu diren disfuntzioak zuzentzeko» eta oraingo egoera soziekonomiko «egokitzeko». Proposamen horrek gaur egungo baldintza nagusiei eutsi zien. Hala, errenta kobratzen hasteko gutxieneko adina 23 urtean itzi nahi zuen, eta onuradunak EAEko udalerri batean gutxienez hiru urte erroldatuta egotea.

Aldaketa sakonagoa egin nahi zuten DSBEaren kalkuluan. Gaur egun, Espainiako gutxieneko soldataren arabera kalkulatzen dute, baina, horren ordez, gutxieneko gastuen adierazle bat sortu nahi zuten (455 euro), eta horri osagarri ekonomiko batzuk gehitu, elkarbizitza unitateak duen izaeraren arabera. Pertsona batek, gehienez ere, 659 euro kobratuko lituzke.

Haurrak dituzten elkarbizitza unitateak saritu nahi zituen moldaketak, gaur egun pobrezia arrisku handiena halakoek dutela iritzita. Aldiz, etxea partekatzen duten bikoteak zigortuko zituen bereziki. Oro har, etxebizitza bakoitzean unitate bakarra egotea aurreikusten zuen proposamenak. Kontrolari dagokionez, hatz marka aipatu gabe, testuak zioen sistema biometrikoak erabiliko zirela zerbitzuko «erabiltzaileak eta laguntzen onuradunak» identifikatzeko.

EAJ-PSEren proposamenak «DSBEa murrizteko egitasmoa» dela ziurtatu du ELAk, eta ziurtzat jo du PPren babesa jasoko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.