Egon daitezkeen «presioei» men egin gabe, Martin Villa auzipetzeko eskatu dute

Argentinan frankismoko krimenak ikertzen ari da Servini epailea, eta lekukotasuna hartu dio ministro ohiari. Hamar egun ditu ebazteko

Iruñean protesta, atzo, Argentinako kereilaren alde. JESUS DIGES / EFE.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun

Iruñeko Justizia Jauregiaren parean protesta egin zuten atzo, frankismoko krimenak epaitzeko eskatzeko. 78ko Sanferminak Gogoan plataformak egin zuen elkarretaratzerako deia, eta protestarekin bat egin zuten beste zenbait eragilek ere: hala nola parte hartu zuten Martxoak 3 elkarteak, Joseba Barandiaranen familiak, Goldatu elkarteak, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Egiari Zor Fundazioak, Amapola del Caminok eta Mirandako Elkarte Errepublikanoak. Bertaratutakoek babesa adierazi zioten Maria Servini epaileak frankismoko krimenak argitzeko Argentinan abian duen auziari, bereziki gogoan hartuta atzo Rodolfo Martin Villa diktadurako ministro ohiari deklarazio hartu behar ziola. Madrilen ere mintzatu ziren auzibide hori sustatze aldera eratutako Ceaqua koordinakundeko kideak; epaileari eskatu zioten, auzian egon daitezkeen «presioei» men egin gabe, Martin Villa auzipetzeko. Saio telematiko baten bidez deklaratu zue atzo ministro ohiak, Madrilen; Argentinako enbaxadaren egoitzan. Eraikin haren atarian ere batu ziren frankismoko biktimak justizia aldarrikatzeko.

Iruñean ere gogorarazi zuten Argentinakoa dela diktadura aroko krimenengatik irekitako ekintza penal bakarra, eta kereila horrek agerian utzi dituela, oro har, orduan giza eskubideen kontra egin ziren «bortxatze masibo eta sistematikoak», eta espero dutela hori bide izatea horiek epaitzeko. Bide batez, gogora ekarri zuten Martin Villak «kitatu gabeko kargu aunitz» dituela Euskal Herrian. «Ministro zelarik, krimen eta sarraski polizial eta parapolizial ugari egin ziren gure herrian», adierazi zuen Presen Zubillaga 78ko Sanferminak Gogoan plataformako kideak, eta zerrendatu egin zituen horietako batzuk; Gasteizko martxoaren 3koa, Montejurrakoa, eta 1978ko sanferminetakoa, besteak beste. Zubillagaren esanetan, Martin Villa «gako» izan zen horietan guztietan. Protestan adierazi zutenez, bera karguan zelarik, 90 pertsona hil zituzten osotara. Atzo deklaratu zuen epailearen aurrean hamabi krimenekin izan dezakeen loturaren harira.

Iruñeko protestan gogora ekarri zuten oztopo ugari izan direla atzo ministro ohiari egin zitzaion galdeketara heltzeko. «Espainiako instituzioek ez dute inoiz deus egin bortxatze larri horiek jazarriak izateko, epaitzeko eta zigortzeko. Aitzitik, babestu egin dituzte», salatu zuten, eta, era berean, gogor kritikatu zuten asteon Espainiako lau presidente ohik eta beste hainbat eragilek Martin Villari erakutsitako babesa: «Jarrera lotsagabea da pertsonaia horiena». Dena dela, argitu zutenez, «tamalez», jokabide horrek ez ditu harritu; uste dute buruzagi politiko askok «frankismoak gizateriaren aurka gauzaturiko krimenen erantzuleekin izandako zigorgabetasun politika» sustatu dutela.

Hamar egun ditu orain Servini epaileak Martin Villaren gainean erabakiren bat hartzeko. Bere kontrako auzibidea bertan behera uztez erabaki dezake, krimenekin lotura izan zuela erakusteko egiaztapen gehiago eskatzea, edo zuzenean auzipetzea. Luzamendua ere eska dezake ebazpenaren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.