Madrilgo aurrekontuei baietz esan diete EH Bilduren oinarrien %91,5ek

Mahai politikoaren proposamena berretsi dute. Koalizioak nabarmendu du «berme zabala» dutela

Erredakzioa
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren 2021eko aurrekontuak onartuko ditu EH Bilduk. Koalizio subiranistaren mahai politikoak aurrekontuak babesteko eskaera egin zien militanteei joan den astelehenean, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiaren bidez, eta oinarrien %91,5ek baietza eman zioten atzo proposamenari. «Ados zaude EH Bilduk Espainiako Diputatuen Kongresuan dituen bost diputatuek PSOE-Podemosen Gobernuaren aurrekontuei baiezko botoa ematearekin?». Galdera horri erantzun zioten militanteek, telematikoki, ezohiko batzar nagusian. 1.588 boto zenbatu zituzten : 1.453k baietz bozkatu dute; 89k, ezetz (%5,6); eta 46 zuri egon dira (%2,9).

Koalizioaren iturriek balorazio «positiboa» egin diote batzarraren garapenari, eta uste dute «barne demokraziaren ariketa bat» izan zela atzokoa. «Bakoitzak bere iritzia libreki adierazteko aukera izan du». Parte hartze «handia» izan zela adierazi dute, eta nabarmendu %91,5 horrek «berme zabala» ematen diola mahai politikoak egindako proposamenari.

Atzo eguerdian bertan jakinarazi zuen EH Bilduk Madrilgo gobernuarekin beste hiru zuzenketa onartzea lortu zuela: 10 milioi aeronautika sektorearentzat, 48 trenaren azpiegiturarentzat, eta hiru milioi Nafarroako Pirinioetako landa eremuarentzat. Mireia Zarate EAJren EBBko idazkariak, berriz, auzitan jarri zuen EH Bilduren baiezkoak «euskal errepublikaranzko bidea» erraztuko duela. Uste du EH Bilduk «norabide aldaketa bat» egin duela aurrekontuen negoziazioan sartuta: «Horren bidez babestu egiten dute EAJk azken hamarkadetan egindako lana».

Miren Gorrotxategi ElkarrekinPodemoseko bozeramaileak «historikotzat» jo zuen EH Bilduk eta ERCk Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestea, historikoki «uzkurrak izan direlako estatuarekin». Hain zuzen, Ciudadanoseko buru Ines Arrimadasek ere baieztatu zuen atzo ez dituztela aurrekontuak babestuko. Inbestiduran babestu zutenekin egingo dute aurrera Pedro Sanchezen aurrekontuek.

Navarra Suma, bakarrik

Navarra Sumak Nafarroako Gobernuaren aurrekontu legeari jarritako osoko zuzenketa atzera bota dute parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiek. Horrenbestez, tramitazioak aurrera egingo du. Gobernuak EH Bildurekin akordioa egin ostean, gehiengoa bermatuta dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.