SPDk baztertu egin du oraingoz koalizio gobernutik irtetea

Gobernu barrutik gizarte politikak bultzatzen ahaleginduko da, eta negoziatzera deitu du CDU

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Alemaniako koalizio gobernutik berehala irteteko aukera baztertu zuen SPD Alderdi Sozialdemokratak atzo, Berlinen egin zuen kongresuan. Alderdiak CDUrekin negoziatzeko agindu zion SPDko zuzendaritza aukeratu berriari, gobernuaren barrutik proiektu sozialak bultza ditzan.

Saskia Eskenek eta Norbert Walter-Borjansek osatzen dute bi buruko presidentetza berria SPDn, eta, barne hauteskundeak alderdiko kritikoen babesari esker irabazi zituztenez, ikusmin handia piztu zuen sozialdemokraten kongresuak, SPDk zer ildo hartuko duen argitzeko.

Esken eta Walter-Bojans CDU alderdi kontserbadorearekin indarrean duten koalizio ituna berrikustearen alde agertu ziren kanpainan. Itunak jasotzen du legealdi erdian aztertuko dutela berriz gobernu hitzarmena, eta datorren hilabetean beteko dute lehen erdia. Beraz, talka handiak espero dira SPDren eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren alderdiaren artean urtarriletik aurrera.

Gizarte politikak indartzera

SPD ezkerrerantz mugitu nahi du Eskenen eta Walter-Bojansen zuzendaritzak, eta CDUri negoziatzeko proposatuko dizkioten neurriak aurkeztu dituzte sozialdemokraten kongresuak onartu duen ebazpenean. Horien artean daude gutxieneko soldata orduko 9,19 eurotik 12 eurora igotzea, hezkuntzan eta komunikazio azpiegituretan inbertsio publikoa handitzea eta klima larrialdiari aurre egiteko neurriak sustatzea.

«Koalizio gobernu honen etorkizunarekin eszeptikoa izan naiz, eta orain ere banaiz, baina ebazpen honekin jarraitzeko aukera errealista bat eskaintzen diogu koalizio handiari», adierazi du Eskenek.

Atzoko hitzorduarekin, sei hilabeteko trantsizioari amaiera eman dio SPDk, iragan ekainean Andrea Nahlesek presidentetza utzi zuenetik. Buruzagitza berriari alderdiaren krisi existentziala bideratzea egokituko zaio. Ilusioa eta izua, biak piztu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.