Putinek Kimi sostengua eman dio Korearen desarmatze nuklearrerako

Trumpekin egindako goi bilerak huts egin eta bi hilabete eskasera elkartu da Kim Putinekin

SERGEI ILNITSKY / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Adeitasunez hartu du Vladimir Putinek Kim Jong-un Vladivostoken. Leku sinbolikoa hitzordu berezi baterako. Ipar Koreako mugatik 200 bat kilometrora dago hiria, munduko estaturik zabalenaren ekialdeko muturrean. Errusiako presidenteak mezua bidali nahi izan dio handik nazioarteari:munduko potentzia da oraindik. Ipar Koreako lider gorenak, berriz, munduko beste potentziari zuzendu dio mezua. Donald Trumpek otsail amaieran egin zion itsuskeriaren ostean, beste konplizeak dituela desarmatze nuklearraz hitz egiteko; ez dagoela horren bakarrik, alegia.

Vietnamen izan zuten hitzordua ez zen espero bezala amaitu. Trumpen arabera, Kimek zigor ekonomiko guztiak kentzeko eskatu zion desnuklearizazioaren truke, eta AEBetako presidentea ez zegoen hori onartzeko prest. Piongiangek, ordea, esan zuen «zati bat» kentzeko eskatu ziola.

Modu batera edo bestera izan, orduko hartan bi agintariak akordioa itxi gabe itzuli ziren etxera. Putinek, aldiz, sostengua eman dio orain desarmatze nuklearraren negoziazioak sustatzeko.

Bilera historikoa

Bilera historikoa alfonbra gorrian bostekoa emanez hasi zuten bi agintariek, eta, elkarri laudorioak egin ostean, brindisarekin eta opari trukaketarekin amaitu zuten —Kimek sable bat oparitu zion Putini—. Hiru orduko tartean, biak prest agertu ziren «sustrai sakoneko» harreman diplomatikoak sustatzeko. Kimek, lausengu artean, «ikuspuntuak trukatzeko, penintsularen egoera zorroztasunez ikuskatzeko eta gatazka elkarrekin konpontzeko» eskatu zion Putini. Eta hark ez zion huts egin: «Hala izango da», erantzun zion.

Koreako penintsulako desarmatze nuklearraz ari ziren. Ipar Korea NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunetik erretiratu zen 2009an, eta ordutik antzuak izan dira programa nuklearraren harira egindako negoziazioak; izan ere, besteak beste, Piongiangek hainbat proba nuklear egin ditu, tartean hidrogeno bonbekin.

Putinentzat, elkarrizketak sustatzean datza irtenbidea: «Arrakastaren giltza hor dago».AEBak, Txina, Japonia, Hego Korea eta Ipar Korearekin negoziatzeko prest agertu da Errusia.Putinek, ildo horretan, hori proposatuko dio gaur Txinari—Xi Jinpingekin elkartzekoa da—.

Nazioarteak Ipar Koreari ezarritako zigorrek erabat higatu diote ekonomia. Elikagai eskasia handia dago, eta Putinek esan du prest dagoela giza laguntza gehiago bideratzeko. Kremlinak azken urteetan 23 milioi euro bideratu ditu; aurrerantzean «merkataritza proiektu gehiago garatzeko» asmoa iragarri du Putinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.