Paperik gabeko etorkinei asiloa ukatu ahalko die Trumpek, oraingoz

AEBetako Auzitegi Gorenak ontzat jo du presidentearen neurria, epai irmo bat eman arte

mikel rodriguez
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
«Garaipen handia mugarentzat asiloari buruz Auzitegi Gorenean!». Donald Trump AEBetako presidentea pozik agertu zen atzo bere hedabiderik gogokoenean, Twitter sare sozialean. AEBetako Gobernuak iragan uztailaren bukaeran agindu zuen paperik gabeko etorkinen asilo politiko eskaerak ukatzeko. Kaliforniako epaile federal batek neurri hori blokeatu zuen, eta, herenegun, AEBetako Auzitegi Gorenak erabaki zuen auziaren funtsari buruz behin betiko epai bat eman arte gobernuak eskubidea duela paperik gabeko etorkinei asilo politikoa ukatzeko.

Datu ofizialen arabera, 436.000 asilo eskatzaile daude erantzun baten zain, gehien-gehienak Erdialdeko Amerikako herrialdeetakoak. Azken urtebetean anitz hazi da herrialde horietatik AEBetara migratu dutenen kopurua, jatorrizko lurraldeetako muturreko indarkeria eta pobrezia egoeretatik ihesi. Iragan maiatzean, errate baterako, 132.000 migratzailek gurutzatu zuten Mexikoren eta AEBen arteko muga Washingtongo gobernuaren baimenik gabe —2006tik hilabeteka bildutako daturik handiena—. Trumpek immigrazioa murriztu nahi du, eta mota guztietako neurriak aplikatu ditu horretarako.

Sorta horretako bat gehiago izan da asilo eskaerak ukatzea. AEBetako Gobernuak asilo eskatzaile horiei exijitzen die babesa eskatzea bidean gurutzatu duten «hirugarren herrialde seguru batean», AEBetan eskatu aitzinetik. ACLU Amerikako Askatasun Zibilen Batasunak eta bertze talde batzuek auzitara jo zuten, Immigrazio Legea eta prozedura legalak urratzen zituela argudiatuta. «Milaka familiaren etorkizuna dago jokoan», salatu zuen atzo Lee Gelernt ACLUko abokatuak. Marcelo Ebrard Mexikoko Atzerri ministroa ere kezkatuta agertu zen AEBetako Auzitegi Gorenaren erabakiarekin, Washingtonek Erdialdeko Amerikako milaka etorkin behartuko baitituzte Mexikon asiloa eskatzera. «Eragina» zein izanen den aztertu behar dutela erran zuen.

«Migrazio fluxua» jaisten

Trumpek arantzelekin mehatxu egin ondoren, Mexikoko Gobernua AEBetaranzko migrazioa eragozteko neurriak aplikatzen ari da ekainaz geroztik. Ebrardek adierazi du urrirako «batez bertzeko historikora» jaitsiko dela muga baimenik gabe igarotzen dutenen «migrazio fluxua», 40.000 pertsona ingurura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.