Inaki Galdos
ARKUPEAN

CIA eta gure mapa

2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun

Azken asteotan sarri ikusi dugu sareetan CIAk 1977an egin zuen Euskal Herriko mapa, The Basque Lands izenarekin sortua eta Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuko liburutegian gordeta dagoena. Noizbehinka agertzen den bitxikeria da, oraingoan hedapen handiagoa izan duena. Bitxiak suertatu dira mapa ikusita hainbat pertsonak izan dituzten ateraldi ironikoak ere, hemen askok ukatzen duten lurraldetasuna CIAk onartzen zuela ikusteak jokoa ematen baitu horretarako.

'The Basque Lands' mapa CIA / AEBetako Kongresuko Liburutegia

Historia ezaguna da, batez ere Jose Antonio Agirreren Jaurlaritzaren eta EAJ alderdiaren harremana Ameriketako Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko informazio zerbitzuekin. Ez da gutxi gai horren inguruan ikertu eta idatzi dena. Besteak beste hor ditugu Jose Felix Azurmendiren eta Jon eta Anne Marie de Recondoren ekarpen interesgarriak. Ez da hau gai horretan sakontzeko toki aproposa. Agian bai maparen garaian gure inguruan gertatu zen zerbait ekartzekoa.

Arratsalde euritsu batean, 1974ko irailean, iritsi zen Oñatira Boisetik ikasturte osoa egitera batez ere gazte euskal amerikarrek osatzen zuten lehen taldea, jarraipena izan zuen egitasmo baten baitan. Guardia Zibilaren babesarekin sartu ziren herrira. Gazteek ez zekiten zergatik, baina aste batzuk lehenago Jabier Zumalde El Cabra ezagunaren taldeak bonbak jarri zituen ikasle eta irakasleok egotekoak ziren tokian. CIAren kontrako gure gerra partikularra titulatu zuen Zumaldek berak 2004ko liburu batean gai honi eskaini zion kapitulua. Jon Bilbao jotzen zuen bere ustez CIAren estalki gisa antolatutako programa bat zen ideologo gisa. Are gehiago, ordurako Oñatin zegoen Shelma Huxley ere espioitza egitasmo horren kide jo zuen, auto istripu baten ondoren misteriotsuki desagertu omen zen karpeta bat medio.

Urte pare bat lehenagotik ziren hasiak programa prestatzen eta zinez izan ziren une gogorrak, sarri bertan behera uzteraino eraman zutenak, azkena Ameriketan bonben berri izan zutenean. Euskal Herrian zeuden errezeloekin jabetuta, hainbat eta hainbat harreman izan zituzten han-hemenka, nagusiki Telesforo Monzonekin, baina baita Juan Jose Etxabe eta Txillardegirekin ere, besteak beste. Bergarakoa ulerkor zegoen Zumalde eta enparauekin, Jon Bilbaori bidalitako gutun gordin batean ikus daitekeen moduan: «ez da harritzekoa hainbat abertzalek pentsatzea herria egunen batean amerikar kolonia bihurtuko dela». Carmelo Urzak bestalde, programako irakasle izango zen euskal amerikarrak, oraindik ere ondo gogoratzen du Juan Jose Etxaberekin Ziburun izandako afari gogor bat. Egoerarekin larrituta, taldearen egoitza izango zen Oñatiko eraikinaren jabeak ziren kanonigo laterandarrek ere ia bertan behera utzi zuten akordioa. Hauen ordezkaria zen Patxi Lasak ultimatuma bidali zion Pat Bieter egitasmoaren bultzatzaile nagusiari egia jakin guran, 1974ko martxoan: «Zer ibili zarete Iparraldean negoziatzen? Zein misterio dago zuen egitasmoan?».

Hasierako errezeloak salbu (adibidez, herriko Garoa zineman hainbat herritarren aurrean izan zuten galdeketa surrealista samarra), ez zuten arazorik izan Oñatin, alderantziz baizik. Baina gaiak beste dimentsio mediatikoa hartu zuen, batez ere 1975ean Roger Colombanik France Soir aldizkarian gaiaren berri eman eta Cambio 16-ek eta hainbat egunkarik hariari tiraka jarraitu zutenean. Zorionez, gazte haiek ordurako erdi txantxetan hartua zuten afera. Erakusgarri, zera aitortu zioten Anaitasuna aldizkarian Xabier Kintanari, Armendaritz ezizenez orduan, ironikoki: Loyola, Zahor eta Maiztegui txokolateen formulak lapurtzera zirela etorriak. Hala ere, urte batzuk beranduago txantxetarako ez zegoena Zumalde zen, horrela amaitu baitzuen gorago aipatutako kapitulua: «Ez genuen amerikar nazio handia garaitzerik izan, baina partida irabazi genuen eta Oñatin inteligentzia base bat ezartzeko euren egitasmoarekin bukatu genuen».

Kontua da, hamarkada batzuk beranduago, garai haietakoa den CIAren mapa hura ikusi ondoren, ea zenbaiti jarri zaion berriz irudimena dantzan orduan gertatu zenari buruz, bi gaiak lotzen. Baten bat ezagutzen dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.