HDP ikerketapean, kongresu batean Ocalanen aldeko oihuak egiteagatik

Poliziak jarritako salaketa batetik hasi du ikerketa fiskaltzak. Preso kurdu bat hil da espetxe batean

SALVATORE DI NOLFI / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Kongresu batean PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren buruzagi historiko Abdullah Ocalanen aldeko oihuak egitea egotzita, HDP Herrien Alderdi Demokratikoa Kurdistanen burujabetzaren aldeko ezkerreko koalizioa ikertzen hasi da Istanbulgo Fiskaltza.

Turkiako Poliziak jarritako salaketa bati jarraikiz abiatu du ikerketa fiskaltzak. Poliziaren arabera, koalizioak egindako ekitaldi batean «erakunde terrorista baten liderra» goraipatzen zuten mezuak plazaratu zituzten. Aintzat hartu behar da Turkiako Gobernuarentzat «erakunde terrorista bat» dela PKK. Ocalan buru historikoa, hain zuzen, 1999tik dauka preso Ankarak.

Eta salaketak dioenez, ekitaldi horretan bertan PKKren aldeko oihuak ere egin zituzten bildutakoek. Hurriyet Turkiako egunkariak kaleratu duenez, kongresuan parte hartu zuten Mithaht Sancar koalizioaren presidentekideak, baita hainbat diputatuk ere. Turkiako Parlamentuko hirugarren indarra da HDP ezkerreko koalizioa: 67 aulki ditu ganberan.

Azken hilabeteotan Ankarak nabarmen areagotu ditu HDPren aurkako ekintzak. Joan den ekainean, esaterako, fiskaltzak egindako eskaera aintzat hartu, eta Auzitegi Konstituzionalak deliberatu zuen koalizioa desegiteko eskaera aztertzea. Fiskalak argudiatzen du PKKrekin loturak dituela. Gainera, «terrorismoa» leporatuta HDPren hainbat alkate ere kargugabetu dituzte azkeneko hilabeteotan, eta estatuko funtzionarioek ordezkatuko dituzte. Selahattin Demirtas HDPko presidentekide ohia, esaterako, 2016az geroztik dago preso,«propaganda terrorista» egitea egotzita.

Bestalde, Garibe Gezer preso politiko kurdua hil zen joan den hilaren 9an, Turkiako kartzela batean. 2016tik zegoen kartzelatuta, eta haren abokatuak idatzi du Twitterren Gezerren «suizidioaren» berri eman ziotela. «Preso batek nola egingo du bere buruaz beste bakartutako ziega batean?», galdetu du abokatuak.

HDPren Emakumeen Asanbleak Turkiako Gobernua egin du heriotzaren erantzule, nabarmenduz AKP alderdiaren gobernupean espetxeetan krimenak egiten direla eta albo batera uzten direla «legedia eta giza duintasuna». Ohar batean salatu du presoaren heriotza inpugnatu dutela haren senideek. «Haren heriotzaren aurretik, larriki torturatu zuten», nazioarteari eskatu dio Turkiako espetxeetako praktiken aurka egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.