Ospakizuna, garai ilun batean

Turkiak Afrin barrutia inbaditu berri duenean ospatu dute kurduek Newroz jai nazionala. Galera handiak izan dituzte kurduek azkenaldian, eta Turkiaren errepresio handia pairatzen ari dira. Herrien Auzitegi Iraunkorrak haien aurkako krimenak aztertzeko saioa egin du, Parisen.

Kurdistandik kanpoko hiri batzuetan ere jendetza elkartu zen atzo Newroz jaia ospatzeko. Irudian, Istanbulgo elkarretaratze bat. ERDEM SAHIN / EFE.
Paris
2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Egun ilunak dituzte Kurdistanen. Turkiak joan den igandean bururatu zuen Afrin hiriaren inbasioa, Rojavan, Siria barneko Kurdistanen. Kurduen Newroz jai nazionalaren hasierarekin bat egin zuen gertakari horrek. Kurduen Urteberria esaten zaio erroak islamaren sorreraren aurretik dituen tradizio horri. Galerak galera, Kurdistan osoan milioika herritar kalera atera ziren ospatzera atzo, Newrozeko egun handian. Beste urte batez, Amed hirian (Diyarbakir, turkieraz) elkartu zen jendetzarik handiena, Ipar Kurdistanen, Ankarak duela bi urtetik ezarria duen larrialdi egoerari desafio eginez. «Erresistentzia espiritu batekin ari da ospatzen Newroz», adierazi zuen Imam Tascier parlamentari kurduak.

Afringo inbasioa, Kirkuken galera joan den urrian, errepresio hedatua Ipar Kurdistan osoan, ahanztura Irango aldean... «Kurdua izan behar duzu zer gertatzen ari zaigun ulertzeko, zenbat sufritzen ari garen ulertzeko». Herrien Auzitegi Iraunkorrean deklaratu zuen lekuko batek esan zuen hori, joan den astean. Auzitegi hori 1979an sortu zuten, 1976ko Herrien Eskubideen Adierazpen Unibertsalean oinarrituta. Ia urtero egin ditu saioak munduko hainbat hiritan, herri edo kolektibo baten aurkako eskubide urraketen salaketak aztertzeko. Iaz, Londresen elkartu zen, Myanmarko rohingya eta karen etnien aurkakoak aztertzeko. Aurten, Parisen, Kurdistanen egoera salatzeko.

Balantzaren alde batean sarraski sistematikoen frogak pilatu ziren, baina, bestean, bere existentzia berresteko borrokan jarraitzen duen herri baten determinazioa. «Ni frantsesa naiz, hemen jaio naizelako, baina kurdua ere banaiz, eta harro nago horretaz: nire hizkuntza aldarrikatzen dut, nire nortasuna, nire lurra», adierazi zuen emakume gazte batek.

Bi egun iraun zuten Parisko jardunaldiek, hilaren 15etik 16ra, eta kurduen milurteko historian eta erresistentzian murgiltze oso bat egin zuten auzitegira agertu zirenek. Baina politika egiteko, gobernatzeko eta bizikidetzarako eredu berriak ukatu nahi dituztenen aurkako gaur egungo borrokaren errepaso oso bat ere entzun zen. Ipar Siriako Federazioan gertatzen dena da, nahiz eta gerran egon. Herrien Auzitegiak gertakariak egiaztatu zituen, eta ebidentziak eta lekukotzak bildu zituen herri kurduaren aurka egin diren basakeriei buruz.

Autonomiaren kontra

Turkiako armadak eta hark laguntzen dituen talde islamistek Afrin hiria hartzeko erasoaldia azkenetan zutela elkartu zen auzitegia. Gizarte eredu alternatibo bat praktikara eraman zuten tokia zen Afrin: kultura eta hizkuntza askotariko gizarte bat, non herritarrak harmonian bizi izan diren azken urteotan, behetik gobernatuta, modu kolegiatuan. Gizarte bat non haurrek eskolan hiru edo lau hizkuntza ikasten zituzten, eta identitate pluraltasuna defendatu beharreko aberastasuna zen, eta ez gatazka sortzailea. Epidemia hori hedatzeko beldurra izan zen sakoneko arrazoia Turkiako militarrek eta haien aliatu islamistek Afrini gogor erasotzeko.

Rojavako barrutiaren aurka jo aurretik, ordea, Turkiak urteak zeramatzan Ipar Kurdistango udalerriei eta komunitateei erasoka, HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa hauteskunde batean baino gehiagotan arrakasta lortzen ari zen bitartean. Hala ere, nahiz eta udal asko okupatu, erakunde kulturalak itxi, eta eraso fisikoak eta errepresioa erabili, autonomia demokratikoak bizirik jarraitu du praktika politikoetan, sozialetan eta kulturaletan.

Atzo Newrozeko ospakizun handienak hartu zituen hiria, Amed, bereziki jarri du jomugan Turkiak. Hango alkateak atxilotu dituzte «separatismoa» sustatu dutela egotzita, baita turistentzako oharrak turkieraz, kurdueraz eta ingelesez argitaratzeagatik ere. Turkiako armadak Sur auzoa setiatu eta suntsitu zuen 2016an. Gertakari hori izan zen Herrien Auzitegiak Turkiako Estatuaren aurka eginiko alegazioan aukeratu zuen giza eskubideen urraketetako bat.

2015ean, Ipar Kurdistango hainbat udalerrik autonomiaren sistema aldarrikatu zuten. Urte berean, abenduan, Turkiako Gobernuak etxeratzeko agindua ezarri zuen, eta herritarren kontrako erasoak hasi zituen. Etxeratze agindua zegoen eremuan 200 lagun inguru hil zituzten, etaeraikinen %80 suntsitu, egun haietan.

Cizren, Herrien Auzitegi Iraunkorrean aurkeztutako beste kasu batean, Turkiako Gobernuak eraso basatia abiatu zuen 2015eko irailean. Ehunka hildako eragin zituen. 2016ko otsailaren 7an, egun bakarrean, Turkiako segurtasun indarrek 150 lagun hil zituzten. Gehienak bizirik zeudela kiskali ziren, babes hartu zuten eraikinetako sotoetan.

Cizreren kontrako eraso basatiaren berri eman zuten Leyla Imret alkate ohiak —gaur egun errefuxiatua da Alemanian— eta Faysal Sariyildizek, Sirnak barrutiko diputatu ohiak —HDP alderdikoa—. Hitzez gain, Sariyildizek herritarren kontrako erasoaren basakeria erakutsi zuen bideoen bitartez. Cizrekoa da diputatu ohia. Gaur egun, Frantzian bizi da, errefuxiatu: «Cizrek 130.000 biztanle baino gehiago zituen, baina, etxeratzeko aginduaren ondoren, 2015eko abenduaren 14tik eta 2016ko martxoaren 3ra, milaka etxe suntsitu zituzten, 100.000 herritarrek erbestera joan behar izan zuten, eta 259 hil egin zituzten. Horietatik 177 sotoetan babestu ziren. Segurtasun zuzendaritzarekin eta larrialdietako osasun zerbitzuekin lan egin nuen, zaurituak ospitalera eramateko».

Hala ere, segurtasunaren aitzakiarekin, ez zieten utzi pasatzen anbulantziei. Zaurituak jo egin zituzten, eta azkenean hil egin ziren. «Giza laguntzarako eta legezko arau guztiak zanpatu zituzten. Turkiako Estatuak bortizki sarraskitu zituen zaurituak. Horixe izan zen haren hasierako helburua. Hildako gehienak bizirik zeudela kiskali zituzten. Familiek ezin izan zituzten ezagutu ere egin. DNA probak egin behar izan zizkieten. Hala ere, 56 gorpu ezin izan zituzten identifikatu. Zenbaki bat jarri zieten, eta lurperatu egin zituzten».

«Infernua» kalean

Herritarren %90 bueltatu ziren Cizrera. Hiria suntsituta zegoen. «Zutik zeuden eraikinak behera bota zituzten etxeratzeko agindua kendu eta gero; hiriaren errealitate politikoa eta demografikoa aldatu nahi zuten. Turkiako Estatuak infernua inposatu du kale kurduetan», bukatu zuen Sariyildizek.

Diputatu ohiaren testigantzaren ondoren, epaileek Roboskiko 2011ko sarraskiaren lekukotzak entzun zituzten. Turkiako Kurdistanen eta Irakekoaren artean gasolioaren eta tearen kontrabandoan aritzen ziren 28 herritar hil zituzten, haien denda txikian. Zuzenean egin zieten eraso, airetik. PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillariak zirela izan zen aitzakia. Turkiako droneen irudiek argi erakusten dute, ordea, herritarrak zirela, salgaiekin kargatutako astoak gidatzen.

Auzitegiak estatu krimenei eskaini zien bigarren eguna. Horien artean dago hiru ekintzaile kurduren hilketa, Parisen, 2013ko urtarrilaren 9an: Sakine Cansiz, PKKren sortzaileetako bat; Fidan Dogan, Kurdistani buruzko Frantziako informazio bulegoaren arduraduna; eta Leyla Soylemez, kurduen gaztediko ordezkaria.

Aztertutako beste kasu bat Abdullah Ocalan buruzagi kurduaren atxiloketa izan zen, 1999ko otsailaren 15ean. Ordutik espetxeratuta dago, Turkiako Imrali uharteko goi segurtasuneko espetxean. Mahmut Sakar haren abokatuaren esanetan, ez du haren albisterik 2016tik. Ocalanen anaiari orduan baimendu zioten azken bisita. Hainbat erakundek aurkeztu zuten akusazioa: Jurista Demokratikoen Elkarteak (IADL), Demokraziaren eta Giza Eskubide Globalen Aldeko Juristen Europako Elkarteak, Maf-Dadek eta Bruselako Institutu Kurduak. Hauek izan ziren epaileak: Philippe Texier, Teresa Almeida Cravo, Domenico Gallo, Norman Peach, Denis J. Halliday, Luciana Castellina eta Majid Benchikh. Maiatzean emango dute epaia, Europako Parlamentuak Bruselan saioa izango duen egun berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.