ARKUPEAN

Munduko sekreturik handiena

Xabier Paya Ruiz -

2020ko urtarrilak 14
Oharra: ez utzi testu hau haurren eskura, eta ez irakurri bozgora, ezta bakarrik hagoela uste badun ere.

Zazpi urte izango nitinan deskubritu nuenean. Kasualitate handiegia iruditu zitzaidanan amaren armairuan ikusitako opari-kutxa berbera topatzea Olentzeroren erregaluen artean. Gure etxean txirrina jota azaltzen iristen zunan unea, hau da, afaloste goxoan geundela, Olentzerok etxeko txirrina jotzen zigunan jakinarazteko opariak atarian zeudela. Korrika joanda ere, gizon tripontziaren arrastorik ez, baina atari bete opari aurkitzen geninan. Eta orduantxe, zehazki errumaniarrak Nicolae Ceaucescu diktadorearen aurka borrokatzen ziren bitartean, eta Donostiako Zinemaldiak zuzendari gabe 3 hilabete egin zituen abenduaren 24 hartan, deskubritu ninan Olentzero gurasoak zirela.

Amak ez zidanan kontra handirik egin. «Azkarra zara; banekien azkar jabetuko zinela» erantzun zionan «Ama, zu zara Olentzero?» galderari. Ez zunan saiatu aitzakiarik jartzen ere («Olentzero lanpetuta ibili da aurten eta lehenago ekarritako opari batzuk armairuan gorde ditugu»). Halaxe ikasi ninan, etsipenez, anfora hautsi berritan, azkarra izatea ez dela errenta, baina une hari esker deskubritu ninan munduko sekreturik handiena.

Munduko sekreturik handiena iruditzen zaidan Gabonetako opariena. Deitu nahi dunan moduan: Olentzero, Mari Domingi, Hiru errege magoak, Santa Klaus, Papa Noel, Cagatio, Apalpador, Pantingueiro, Esteru, Tienzapanzas, Anguleru, Julenissen, Gwiazdor, San Nikolas, Jesus haurra, Ded Moroz, Joulupukki, Santa Luzia, Befana... Pertsonaia horien guztien atzean nik Olentzerorekin bizitako kontu berbera zagon: norbaitek, Gabon garaian, opariak ekartzen zizkien ondo portatzen diren haurrei.

Tamalez, ezinezkoa zaidan gaia atera eta kapitalismoa ez aipatzea, egun sosak xahuarazteko mertzenario bihurtuta daudelako aurreko paragrafoko gehienak; baina aztertu ditinat euretako hiru-lauren jatorria, eta Blanca Urgellek aurreko astean kontatu zigunari jarraiki, XIX. mendean abiatutako kapitalismoa baino dezente zaharragoak ditun Gabon garaiko magoak, aztiak eta jakintsuak.

Tamalez ere, ezin dinat ahaztu infantilizazioa ahotan hartzea ere: zergatik ezin diegu esan haurrei gu garela urte berriari heltzeko opariren bat egin nahi diegunak, ez-dakit-zer balio izanaraziko dien ipuinik erabili gabe? Ziur guraso batek baino gehiagok benetako magia egin behar duela urtea amaitu eta seme-alabei gutiziaren bat erosteko, eta izango dun magiaren presioa eta prezioa ordaindu ezinda, etxeko txikiei egia nahi baino lehen kontatu behar izan dion heldurik. Penagarria iruditzen zaidan pentsatzea Olentzero bezalako trikimailuak beharrezkoak direla etxeko txikiak mehatxuen bidez txintxo ibil daitezen...

Egun 37 urte ditinat, eta bost bat geratzen zaizkidan alaba galdezka azal dadin, ni bezain azkarra bada behintzat (jadanik azkarragoa ematen duenez, agian ikasiko din sekretua isilpean gordetzen). Deskubritzen duen egunean, galdetuko zionat ea gustatu zaion familiak, lagunek eta milaka ezagun zein ezezagunek bere ilusioa areagotzeko urte hauetan egindako ahalegina. Izan ere, horra hor iritzi arras desberdinetako mundutarrak ados jartzeko gai garela erakusten duen ebidentzia; hain dun ederra haur baten poza, ezen gai izan garen ados jartzeko elkarrekin sekula berba egin gabe! Ikasiko bagenu hori berori egiten haur baten poza bezain ederrak diren beste motibo batzuengatik, zeinen gustura kontatuko genituzkeen ipuin berriak! «Azken tamalez», ematen din Gabonetako oparien pertsonaiena beharrean, elkarrekin ados jartzeko gaitasuna izan dela eta izango dela, puska baterako gutxienez, munduko sekreturik handiena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna