Berri Txarrak-en azken-aurreko kontzerturako sarrerak ere, kito

Azaroaren 22an beste emanaldi bat egingo dutela iragarri, eta ordu gutxian amaitu dira sarrerak

itziar ugarte irizar
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Berri Txarrak-ek azaroaren 23rako iragarri zuen taldeak egingo duen «etenaldi mugagabearen» aurreko azken kontzertua, Iruñeko Nafarroa Arenan. Sarrerak salgai jarri, eta ziztuan agortu ziren. Hori ikusirik, aurreko egunean, azaroaren 22an, beste kontzertu bat emango dutela iragarri zuen taldeak herenegun; hori ere Nafarroa Arenan. Atzo jarri ziren salgai taldearen azken-aurreko emanaldirako sarrerak, eta, aurrekoan bezalaxe, ordu gutxian amaitu ziren denak. Azken bi emanaldietan 20.000 bat lagun bilduko ditu taldeak; beraz, iaz BECen elkartutakoak halako bi.

Segundoko 3.000 eskaera baino gehiago izan ziren azken kontzerturako sarrera lortzeko, eta guztiz blokeatu ziren plataformak. Halakorik berriz gerta ez zedin, Interneten ez ezik, zenbait leku fisikotan ere eskuragai jarri zituzten atzo txartelak. Ondorengo herri hauetan izan zen erosteko aukera, eta denetan bukatu ziren egun erdirako: Iruñean, Lekunberrin, Altsasun, Elizondon, Lizarran, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Baionan. Pistarako sarrerak soilik saldu zituzten leku horietan.

25 urteren ostean, 'Ikusi arte'

1994an sortu zuten Berri Txarrak Gorka Urbizuk, Aitor Goikoetxeak eta Mikel Lopez Rubio-k, Lekunberrin (Nafarroa). Urbizuk jarraitzen du egun jatorrizko talde hartatik. Azken urteetan, David Gonzalezekin eta Galder Izagirrerekin batera osatu du taldea, eta eurak ariko dira datozen hilabeteetan Ikusi Arte Tour 2019 biran, agurra eta 25. urtemuga, biak ospatzen.

Oraingoz ez dute biraren inguruko xehetasunik eman. Baina jarria dute hurrengo data: otsailaren 16an izango da, Miarritzen (Lapurdi), Seaskaren 50. urteurreneko jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.