Albistea entzun

Datorren asteko estreinaldiak

Errealitatean ezin dena

Mamoru Hosoda zinemagile japoniarrak bizi gogoa eta erosotasuna mundu birtualean topatu dituen neskato baten istorioa kontatu du 'Ryu to Sokabasu no Hime' animazio filmean
Suzu da protagonista Mamoru Hosodaren animazio lan berrian; Belle izeneko pertsonaiaren rola hartuko du <em>U</em> izeneko esparru birtualean.
Suzu da protagonista Mamoru Hosodaren animazio lan berrian; Belle izeneko pertsonaiaren rola hartuko du U izeneko esparru birtualean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2022ko martxoak 19

Tradizio luzea eta oparoa du Japoniako animaziozko zinemak. Tradizio horren emaritik edaten du Mamoru Hosodak ere (Kamiichi, 1967). Zail da Hosodaren inguruko informazio edo artikulurik topatzea Hayao Miyazakiren aipamenik edo erreferentziarik gabe. Haren oinordekotzat ere jotzen du zenbaitek, baina gehienek aitortzen dute bere lengoaia propioa garatu duen zinemagilea dela; Miyazaki eta beste animaziogile laudatuen segida bai, baina nortasun propioduna. Hosodak berak aipatzen ditu Isao Takahata japoniarra, surrealista italiarrak, Victor Erice zinemagile donostiarra eta Anders Zorn pintore inpresionista suediarra ere.

Japoniako animazioaren emari horren azken-aurreko alea da Ry? to Sobakasu no Hime (Belle ingelesezko bertsioan). Lehenago Toki o Kakeru Shôjo (The Girl Who Leapt Through Time, 2006), Ookami Kodomo no Ame to Yuki (Otso umeak, 2012), Bakemono no Ko (The Boy and the Beast, 2015) eta Mirai (Mirai of the Future, 2018) laudatuak eginak zituen Hosodak, besteak beste.

Birtualtasunean, gazi-gozo

Suzu da filmeko protagonista, norabide jakinik gabe bizitzan alderrai samar dabilen 17 urteko neskatoa. Institutuan dabil ikasle modura, baina amaren heriotza goiztiarrak sufrimenduan barne bildua dauka aspaldian; aitarekin bizi da Kochi prefeturaren periferian. Traumek eta lotsaizunek konplexuekin itotzen dute, eta ez du lortzen bere adineko neska-mutilekin harreman iraunkor eta aberasgarririk. Alabaina U izeneko espazio birtuala deskubrituko du, eta han dena irudituko zaio eder, eramangarri. Errealitate birtual simulatu horretan oro da koloreko, oro da musika, oro dira kreatura fantastiko adeitsuak. Mundu horretan, Belle izeneko pertsonaiaren rola hartuko du Suzuk, eta kantari nahiz influencer sonako bihurtuko da.

Ez da zaila ikustea bullying-ak izan ohi dituen ondorio kaltegarrien alegoria; ezta sare sozialekiko dependentziak sortzen dituenak ere, gorrotorako eta irainerako zabaltzen diren bideak, fake news-en ugaltzeak dakartzanak, hainbeste eta hainbeste nerabek, eta ez horren nerabek, pairatzen dituzten presio, ezin eta angustia emozionalenak. Birtualtasunak babesleku modura ematen dituen arriskuen berri ematen du Hosodaren filmak. Baina, era berean, paradoxikoki azaltzen du mundu birtual horretan ere badela samurtasunerako, gertutasunerako aukerarik, apur bat arakatuz gero, eta tentuz bilatuz gero.

Toki o Kakeru Shôjo (The Girl Who Leapt Through Time) filmarekin animazioan ahots indartsu bat munduratu zuenetik erakutsi zuen Hosodak bereziki interesatzen zitzaiola errealitatean topatzen ez duten bizigarritasun eta goxotasuna mundu birtualean bilatzen saiatzen diren gazteen unibertsoa. Fantasiara edo errealitate birtualera jotzen dutenen barne eta kanpo mundua interesatzen zaizkio Hosodari, eta horrela azaltzen du nola Bakemono no Ko-n (The Boy and the Beast) hala Ry? to Sobakasu no Hime honetan.

Azken urteetako animazio filmik interesgarrienetakotzat jo dute adituek, Ederra eta piztia fabularen moldaketa sui generis indartsu eta birtual bat.

'RYÜ TO SOBAKASU NO HIME'
Zuzendaria: Mamoru Hosoda.
Gidoia: Mamoru Hosoda.
Herrialdea. Japonia. Urtea. 2021.
Iraupena. 122 min. Generoa. Animaziozkoa.Estreinaldia. Martxoaren 25ean estreinatuko da Hegoaldean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar bat, Gasteizko Arriaga parkean. Barruko eraztun berdearen parte da eremu hori. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Eremu berdeetatik egotziak

Amaia Igartua Aristondo

Azpiegitura berdeek etxebizitzen prezioa garestitu dezakete, eta, hala, goi klaseko bizilagunek ordezka ditzakete langile klasekoak. Prozesuari 'gentrifikazio berdea' deritzo, eta jada gertatu da munduko hiri batzuetan.

Erroskillak, opilak eta kordoiak nagusi, San Blas azokan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Kordoiak eta pankartak

Olatz Silva Rodrigo

San Blas azokak 76 ekoizle eta 160 abelburu elkartu ditu Abadiñon. Goizetik bildu da jendetza, ekintzaz betetako programazioaz gozatzeko. Protesta egiteko eguna ere izan da.

Gorka Rico eta Javi Rivero, Tolosako Ama jatetxeko sukaldariak. Ama jatetxea lekuz aldatuko dute aurten. ©JON URBE / FOKU

«Herritarrek saria eurena balitz bezala sentitu dute»

Amaia Jimenez Larrea

XXI. Madrid Fusion kongresuaren sukaldari berririk onenen saria jaso zuten joan den astean Javi Riverok eta Gorka Ricok. Oraindik ere oihartzun mediatikoa gainditzen ari direla esan dute.
Andoni Zenarrutzabeitia, disko golfean, hainbat disko sarean sartzeko ahaleginean. ©EUSKADISC GOLF

Diskoaren bueltan kateatuta

Ane Insausti Barandiaran

Disko bat jaurti eta burdinazko saski batean sartzean datzan kirola da disko golfa. Euskal Herrian geroz eta jende gehiago «harrapatu» du katearen hotsak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.