Datorren asteko estreinaldiak

'Dardararen bat' bihotzean

Berri Txarrak taldearen Ikusi Arte birako irudiak biltzen dituen dokumentala egin du Marina Lameiro zinemagileak: 'Dardara'. Ostiralean estreinatuko dute Hegoaldean

Berri Txarrak taldeak mundu osoan emandako kontzertuetako irudiekin eta haien zaleen testigantzekin grabatuta dago Dardara dokumentala. DARDARA.
Nagore Arin.
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Dar-dar, Gorka Urbizuren gitarra eta ahotsa sinergia betean. Dar-dar, Galder Izagirreren bateriak eragindako uhinen anabasa. Dar-dar, David Gonzalezen baxuaren dantzaldiak sortutako astrapala. Dar-dar, jarraitzaileen oihu ozen eta desentonatuen danbada. Dar-dar, Dardara. Horrela du izena Marina Lameiro zinemagileak Berri Txarrak taldeari buruz ondu duen ikus-entzunezkoak. Ikusi Arte biraren askotariko irudiak jasotzen ditu dokumentalak, eta astelehenean estreinatuko dute Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian, Iruñean. Ostiralean, berriz, zinema aretoetan izango da ikusgai.

Duela hamasei hilabete igo zenazkenekoz Berri Txarrak agertoki batera. Iruñean izan zen azkena, Nafarroa Arena pabiloian, eta 11.000 jarraitzaileren babespean esan zioten «ikusi arte» ibilbideari. Kontzertu horrekin egindako bira da Lameiroren bigarren lan luzearen gertaleku nagusia, baina hori baino askoz gehiago ere bada Dardara. Gorka Urbizuren hitz eta gogoeta ugarietatik abiatuta antolatu du ekoizpena Lameiro zuzendariak, eta sortzailearen, obraren eta hartzailearen arteko triangeluan kabitzen den guztiaz hausnartzera gonbidatzen du. Eta hiru helduleku horietatik, zaleei dagokienak du pisurik handiena; izan ere, jarraitzaileengan eta haien aniztasunean jarri du arreta zinemagileak.

Begirada askotarikoak

Dokumentazio lan hutsean eta kontzertuetako irudietan soilik ardaztu zitekeen dokumentala, baina, irudi ikusgarri horiek alde batera utzita, detaile txikietan eta, aldi berean, berezietan jarri du arreta dokumentalaren zuzendariak. Urbizuren gertuko planoak, zaleen plano geldoak, entseguak, abestiak zehazteko momentuak, urduritasuna... Une horiek guztiak ere bildu ditu, eta, horrela, mimoz eta sentimenduz beteriko dokumentala sortu du.

Berri Txarrak lehen aldiz ikusi duten haur estatubatuar batzuk; taldeak bere herrialdean ematen dituen kontzertu guztietara joan ohi den alemaniar bat; pasioak talde bat sortzera eraman duen euskal herritar bat... Protagonista ugari ageri dira filmean, jatorri askotarikoak, eta ikuspuntu zinez bereizgarriak, baina guztiek dute ezaugarri bat komunean: Berri Txarrak taldearekiko grina eta hirukoak sortzen dituen dardara askotarikoekiko sentitzen duten maitasuna. Eta, hala eta guztiz ere, ekoizpen erakargarria da Berri Txarrak ezagutzen ez duten ikus-entzuleentzat ere.

Agertokiak alde batera utzi eta hamasei hilabeteren ondoren estreinatuko dute Lameiroren Dardara ekoizpena Ikuspuntu Jaialdiko Sail Ofiziala irekiko du, baina lehiatik kanpo egongo da. Lau egun geroago, martxoaren 19an, Hegoaldeko zinemetan izango da ikusgai.Infrasoinuakdu izena taldearen azken diskoak, eta, abesti baten tituluak esaten duen modura,Dardararen batedo askoz gehiago sentiaraziko ditu ikus-entzunezkoak.

'DARDARA'
Zuzendaria. Marina Lameiro.
Aktoreak. Dokumentala denez, ez dago antzezlerik, baina Gorka Urbizuren hitzartze ugari daude.
Urtea. 2021.
Iraupena. 98 minutu.
Generoa. Dokumentala.

Ostiralean estreinatuko duteHegoaldeko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.