«Desberdintasunei aurre egiteko» 250 neurri eskaini ditu Ahal Dugu-k

Nafarroa «foral, berritzaile eta berdinzale» baterako programa aurkeztu du PSNk. Laukoak koalizio gobernu bat eratzea lehenetsi du EH Bilduk

Nafarroako Ahal Dugu-ko kideak, atzo, hauteskunde programaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Bi aste eta erdi falta dira Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetarako, eta programak eta neurri sortak aurkezten ari dira egunotan indar politikoak. Ahal Dugu-k eta PSNk atzo aurkeztu zituzten datozen lau urteetarako asmoak, eta, Mikel Buil zerrendaburuak jakinarazi zuenez, 250 neurri proposatuko ditu Ahal Dugu-k «lurralde, belaunaldi eta egiturazko genero desberdintasunei» aurre egiteko. Neurri horiek lortzeko, Buil buru duen hautagaitzak zerga, ekoizpen eta ekonomia ereduak aldatzea eskainiko du.

Neurrien aurkezpenean, Builekin izan ziren Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidente eta zerrendako bigarrena eta Eduardo Santos alderdiko Nafarroako idazkari nagusia, besteak beste. Azaldu zutenez, hilabeteetako eztabaida dago neurri sortaren atzean. Esaterako, Ahal Dugu-k «ekonomia zirkularrerako» urratsak egin nahi ditu datorren legealdian, eta «diskriminazio positiboa» egiteko asmoa azaldu du «Nafarroa hustuari» mesede egiteko. Era berean, premiazkotzat du klima aldaketaren aurkako lege bat onartzea, «berrindustrializazio berde» bat garatzea eta, arlo sozialean, oinarrizko errenta unibertsal bat ezartzea eta 0-3 urte bitarteko hezkuntza doakoa izatea.

PSNko presidentegai Maria Txibitek, berriz, Nafarroa «foral, berritzaile eta berdinzale» bat osatzeko «gobernu programa» aurkeztu zuen atzo, horren inguruan «gehiengo aurrerakoi bat» biltzeko asmoz. Gehiengo hori osatzeko negoziazioetarako, ordea, Txibitek bi lerro gorri jarri ditu: PP eta EH Bildu. PP, baina, Navarra Suma koalizioan aurkeztuko da UPNrekin eta Ciudadanosekin batera, eta Txibitek zehaztu zuen indar horrekiko elkarrizketa ez dela PSNren «lehentasuna». Irmoago, erantsi zuen sozialistek ez dutela ahalbidetuko Javier Esparza Navarra Sumako hautagaia gobernuko presidente izatea.

Programaren edukiari dagokionez, Txibitek zehaztu zuen autogobernua dela programaren ardatzetako bat: «Ez dugu eskumenik galdu nahi». Halere, PSNk «leialtasun instituzionalaz» jardungo du, «Europara begiratuta aurrerapen eta aukera eremu gisa». «Berrikuntza ekonomiko eta soziala» eta berdintasuna izango dira beste ardatzak, azken hori «modu zabalean» ulertuta: «Gizon-emakumeen arteko berdintasuna, baina baita lurraldearena ere; gizartea ulertzeko eta justizia soziala gauzatzeko modu gisa».

«PSN ez da fidatzekoa»

Bozen osteko akordio posibleez mintzatu zen Bakartxo Ruiz EH Bilduko lehendakarigaia ere. Laukoak berriro ere parlamentarien gehiengoa eskuratzen badu, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak koalizio gobernu bat osatu beharko lukete, Ruizen iritziz, uste baitu Geroa Baik «zenbaitetan gehiengo absolutua balu bezala» gobernatu duela. Haren iritziz, PSNren botoek «eskuinei» egingo diete mesede: «Ez dira fidatzekoak».

Udalari dagokionez, berriz, Navarra Sumako Iruñeko alkategai Enrique Maiak 330 neurri proposatu ditu Iruñearen «etorkizuna berreskuratzeko», iritzita hiriburuak «abandonatuta eta inoren interesekoak ez diren gaietan zentratuta» igaro duela legealdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.