Iaz 2.123 ikasleri eman zieten eskolaz kanpoko laguntza EAEn

Aukerak Suspertzen programak eten digitala gainditzea du xede. Aurrekontua handituko dute, Ukrainatik iritsitakoei zerbitzua emateko

Beatriz Artolazabal, Juan Mari Aburto eta Oscar Granado, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Bi urte bete ditu Aukerak Suspertzen izeneko programak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioek eta hirugarren sektoreko elkarteek abian jarri zutenak gizartean desabantailan dauden haur eta nerabeei laguntzeko. Programak hazkunde nabarmena izan zuen 2021ean, eta aurten 300.000 euro gehiago jarriko dute horretarako, Ukrainatik etorritako gaztetxoei ere zerbitzua emateko asmoz.

Pandemia betean sortu zen Aukerak Suspertzen programa, eta, hasieran, Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren izurriari erantzuteko sorturiko Inor Atzean Utzi Gabe programaren ondorioz garatu zuten. Konfinamenduaren garaian begien bistan geratu zen ikasle guztiek ez zutela baliabide teknologiko nahikorik ikasketak etxetik egin ahal izateko, eta eten digitalak eta familien egoera ekonomikoak baldintzatzen zutela ikasleen ikasketa prozesua. Itxialdia amaitu zenean, egoki ikusi zuten programarekin jarraitzea.

2021ean, 2.123 haur eta nerabek erabili zuten programa, aurreko urtean baino 1.009 gehiagok. Horrek esan nahi du %90,57 hazi dela eskolaz kanpoko laguntza jaso duten ikasleen kopurua. Baliabidea erabili duten familien zenbatekoa ere handitu da: 928 izan ziren 2020an, eta 1.673 2021ean. Haur eta nerabe horien %75 eskola publikoetatik etorritakoak dira, eta %25 itunpeko ikastetxeetatik.

Hiru lurraldeetan handitu da laguntza jaso duten umeen kopurua, baina Gipuzkoak izan du hazkunderik handiena: 2020an 118 zen, eta 2021ean 576 izan ziren. Bizkaian, berriz, 725 ziren, 1.118 dira, eta Araban, 271 zirenlehen, eta 429 dira orain. Udalek ere parte hartu dute programan: hamabik 2020an, eta 64k 2021ean.

Agintzari elkarteak hartu du programaren zuzendaritza, eta,elkarte horretako kide Oscar Granadok azaldu duenez, hiru helburu izan dituzte: alde batetik, adingabeei eskolaz kanpoko laguntza ematea, etxerako lanetan, hizkuntza gaitasunak indartuz, ikasteko teknikak irakatsiz eta bestelako gaitasunetan trebatuz; eten digitala gutxitzea, horretarako tresna digitalak eskainiz eta gaitasunak landuz; eta, azkenik, arlo horretan lan egiten duten elkarteen sarea eta komunitatea bera indartzea.

Elkarlana oinarri

Azken puntu horri garrantzi berezia eman diote. Izan ere, programa hirugarren sektoreko erakundeekin elkarlanean garatu dute. 2020an, zortzi elkartek parte hartu zuten programan, eta beste zazpi kolaboratzaile gisa aritu ziren; iaz, berriz, 22 elkarte partaide izan ziren, eta beste hiru, kolaboratzaile.

Iaz, Aukerak Suspertzen programak 966.500 euroko aurrekontua izan zuen. 156 gailu eta konektatzeko 81 txartel jarri zituzten programan parte hartu zuten adingabeen eskura.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu du programaren jatorria, eta sortu zenetik izan duen bilakaera. Programak sustatzen dituen balioak goraipatu ditu: «Aukerak Suspertzen programak laguntzen du gizarte parte hartzaileagoa, solidarioagoa eta gaitasun handiagokoa sortzen», esan du, eta «berdintasunean oinarritutako gizartea» lortzeko bidean daukan garrantzia nabarmendu du.

Beste zenbait erakunderekin eta hirugarren sektoreko elkarteekin egindako elkarlana ere goretsi du Artolazabalek. Esanduenez, zerbitzua jaso duten adingabeetatik %40 udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuetatik bideratu zituzten programara, «horiek identifikatzen dituztelako desabantaila sozialeko egoeran dauden familiak».

Etorkizunerako xedea «programa gizartean gehiago indartzea eta familia ahul gehiagotara iristea» da, Artolazabalen esanetan. Sortutako sarea sendotu eta hedatu nahi dute, parte hartzen duten erakundeen kopurua handitu nahi dute, eta udalerri gehiagotara iritsi nahi dute, «oinarrizko gizarte zerbitzuekin eta bestelako tokiko eragileekin lankidetzan».

Bilboko alkate Juan Maria Aburtoren iritziz, Aukerak Suspertzen programa «egokia eta beharrezkoa» da, «aukera berdintasuna» bermatzen laguntzen duelako: «Diskriminazio teknologikoa pobrezia eta gizarte bazterkeria mota bat da; hura gainditzen ahalegindu behar dugu», azaldu du.

Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, berriz, programaren oinarrian dagoen elkarlana goraipatu du: «Hezkuntza Sailak bakarrik ezin du; udalek bakarrik ezin dute; elkarteek bakarrik ezin dute. Baina erakunde bakoitzak bere aldetik arituta lortu ezin dezakeena lortu daiteke elkarrekin jardunez gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.