Igarobide seguruak eskatu dituzte Greziatik umeak ekartzeko

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek ekinbide bat ondu dute osasun arazo larriak dituzten umeak Euskal Herrira ekartzeko

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteen agerraldia, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Greziako errefuxiatu esparruetan osasun laguntzarik eta elikadura duinik gabe bizi dira ehunka haur. Horietako asko oso zaurgarriak dira, osasun arazo larriak baitituzte. Migranteekin lanean ari diren elkarteek sarritan egin dute ohartarazpena, hala nola MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak. Gobernuz kanpoko erakunde horrek emandako datuek ematen dute egoeraren neurria: 2020.urtean Moriako kanpalekuan bizi ziren 140 umek osasun arazo larriak zituzten. Urtebete geroago egindako beste txosten batean, are datu kezkagarriagoak eman zituen: 120 haur beren buruaz beste egiten saiatu ziren Greziako errefuxiatu eremuetan.

Ikusi gehiago: «Umeen osasun fisikoa ez ezik, haien buru osasuna ere okertu da»

Gaur egun ere «oso larria» da Greziako kanpalekuetan bizi diren haurren egoera, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek atzo ohartarazi zutenez. Bi elkarteek prentsaurreko batean jakinarazi zuten instituzioei eskatuko dietela Europan «igarobide seguruak» zabaltzeko haur horiek Euskal Herrira ekartze aldera. Xede horri helduta, ekinbide bat ondu dute bi elkarteek, eta erakundeen, alderdien eta gizarte eragileen artean atxikimenduak biltzeari ekin diote. Besteak beste, Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko talde batzuekin bildu dira ekinbidearen berri emateko, eta gutun bat bidali diote Espainiako Barne Ministerioari.

Arantxa Gutierrez Paz eta Agustin Gorbea elkarteko kideek jakinarazi zuten asmoa dela Greziako errefuxiatu esparruetan osasun arazo kronikoak direla medio egoerarik kalteberenean dauden umeak «bermeekin» ekartzea, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo zuten Europako Batasuneko herrialdeetatik Euskal Herrira iristeko «bidea erraztea». Osasun arazo larriak dituzten «25-40 ume inguru» ekarri nahi dituzte, hemengo erakundeek «maila guztietako harrera eta laguntza» eman ahal izateko.

Azaldu zutenez, Ukrainako gerratik ihes egin eta Europan asiloa eskatzen ari direnei Europako Batasunak eskaintzen dien harrera bera nahi dute beste herrialdeetako migranteentzat. «NATOk eta AEBek sortzen dituzten gerretatik ihesi doaz, baina EBk mugak ixten dizkie, itsasoan hiltzen uzten dituzte... Europako agintariak ekintza kriminalak egiten ari dira. Kriminalak dira», salatu zuten. «Borondatea» eskatu zuten konponbideak bilatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.