Arantxa Gutierrez Paz. Ongi Etorri Errefuxiatuak

«Umeen osasun fisikoa ez ezik, haien buru osasuna ere okertu da»

RAUL BOGAJO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko bozeramailearen esanetan, Greziako errefuxiatu esparruak «kontzentrazio eremuak» dira, eta han daudenak «abandonatuta» daude. Umeei handik ateratzeko aukera eman behar zaiela iritzi dio.

Zer egoeratan daude Greziako errefuxiatu esparruetan dauden umeak?

Argi izan behar dugu esparru horiek kontzentrazio eremuak direla, eta oinarrizkoena falta zaiela. Bizi baldintza gogor horietan, helduen eta umeen osasun fisikoa ez ezik, haien buru osasuna ere okertu da. Etorkizunik ez dute irudikatzen, eta depresioak jota daude asko. Heldu askok ideia suizidak dituzte, eta haien egoerak eragin zuzena du umeengan. Abandonatuta daude, han laguntza ematen ari diren elkarteek esaten digutenez.

Zenbat ume daude egoera horretan?

Zaila da jakitea. Gure asmoa da 25 eta 40 ume artean ekartzea, baina baliteke gehiago izatea.

Gaixorik dauden haurrak ekartzeko ekinbide bat ondu duzue. Zergatik orain?

Urteak dira Greziako errefuxiatuen krisia hasi zela, baina, gaur egun, ez da hitz egiten han gertatzen ari denaz. Arreta ez dago han jarrita, eta ematen du ez dela existitzen. Ukrainako errefuxiatuekin ikusi dugu posible dela mugak irekitzea eta iheslariei harrera egitea. Horregatik uste dugu garai egokia dela ekinbide hau sustatzeko. Ukrainako iheslariekin posible baldin bada, besteekin zergatik ez?

Zer eskatzen duzue?

Ume horiei handik ateratzeko aukera eman behar zaie. Zaurgarrienek etortzeko era izan beharko lukete. Lan hori han dauden elkarteekin koordinatuta egin nahi dugu, berme guztiak izan ditzan.

Alderdiek eta erakundeek nola erantzungo dute, zuen ustez?

Badakigu Europako Batasunak mugei dagokienez duen politika kriminala dela, eta borondaterik ez duela migrazio politika aldatzeko. Guk hizpidera ekarri nahi dugu gaia, gizartearen presioaren bidez jarrerak mugiarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.