3 urtez azpiko umeak dituzten Nafarroako familiek 1.200 euro jasoko dituzte

45.000 eurorainoko errenta duten familiei emanen zaie laguntza, baita 70.000 eurorainokoa dutenei ere, diru sarrera bat baino gehiago badituzte

Nafarroako familiek 100 euro jasoko dituzte hilero. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
3 urte baino gutxiagoko umeak dituzten familiek 100 euro jasotzen ahalko dituzte hilero Nafarroan. Diru guztia aldi berean emanen zaio familia bakoitzari, Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazi zuenez: 1.200 euro jasoko dituzte haur bakoitzeko. Zehazki, joan den urtarrilaren 1etik hasita umeak 3 urte bete arte jasotzen ahalko da laguntza —betiere haur horrek 2022ko abenduaren 31n ez bazituen 3 urte beteak—. «Nafarroan bazen halako laguntza bat, eta 2012-2013an baztertu zen. Orain berreskuratuko dugu», azaldu zuen atzo Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak. Laguntza emateko, Nafarroako Gobernuak 10,7 milioi euroko inbertsioa eginen du.

Orotara, 3 urtetik beherako haurrak dituzten familien %65ek jasotzen ahalko dute laguntza, bertze arrazoiengatik dirua jasotzen duten horiek kanpo geldituko baitira —bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzen dutenak, adibidez—. Baldintza hau ere bete beharko da dirua jasotzeko: 45.000 eurorainoko errenta izatea familiak diru sarrera bakarra baldin badu, eta 70.000 eurorainokoa izatea diru sarrera bat baino gehiago izanez gero.

Laguntza hori, gainera, bateragarria da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan umeak zaintzapean izateagatik egiten den kenkariarekin: 3 urte edo gutxiagoko umeen kasuan, 1.062 euro dira urteko. Maeztuk azaldu zuenez, soilik Nafarroan dagoen abantaila horrek errenta handiak dituzten familiei ere laguntzen die. Atzo aurkeztutako laguntzak, baina, «errenta ertain eta apaleko familiak laguntzea du helburu». Hala ere, Maeztuk erran zuen diru laguntzaren onuradunek «egunean izan beharko» dituztela «ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin dituzten betebeharrak», eta ez dutela «debekurik izan beharko diru laguntzen onuradun izateko».

Horrez gain, 3 urte baino gutxiagoko ume bat harrera familia batean baldin badago ere, diru laguntza jasotzeko aukera egonen da berdin-berdin. Halakoetan, dirua umearen zaintzaz arduratzen denak jasoko du. Zaintza partekatua denean, berriz, bi aldeen artean erabaki beharko dute zeinek eskatuko duen laguntza, eta, beraz, nork jasoko duen dirua.

Laguntza jasotzeko bertze baldintzetako bat da eskaera egiten duenak eta umeak Nafarroan bizi behar dutela, eta lurralde horretako herri edo hiriren bateko erroldan agertu behar dutela. Bai eskaera aurkeztean eta baita hori egin baino sei hilabete lehenago ere, gutxienez.

Eskaera

Maezturen erranetan, laguntza oraindik ezin da eskatu, baina laster egonen da eskuragarri: «Azkar lan egiten ari gara, ahal bezain laster eskuragarri egoteko. Baina ordainketa bat soilik egonen denez, lasaitasuna helarazi nahi diegu laguntza jasoko dutenei, diru guztia posible denean kobratuko baitute».

Eskaera egiteko aukera irekitzean, familiek bi modutara egin ahalko dute eskaera: Gizarte Eskubideen Departamentuaren erregistroan eta oinarrizko gizarte zerbitzuetan aurrez aurre, eta telematikoki. Bigarren aukera gauzatzeko erabiliko den programa informatikoa lantzen dabiltza oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.