Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Erreakzioak

Ultraeskuinaren igoerak lanbrotu du igo direnen poza

EAJk eta EH Bilduk pozez baloratu dute bai bozetan bai eserlekuetan izandako igoera: inoizko emaitza onenak izan dituztela esan dute. Navarra Sumak nabarmendu du gailendu egin dela berriz, eta gainerako alderdien estrategiaren okerraz jardun du. Geroa Baik bozen ondorio txarrak deitoratu ditu, batik bat ultraeskuinak izan duen igoerarengatik

Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, atzo gauean, hauteskunde emaitzen balorazioa egiten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Arantxa Iraola - Eider Goenaga Lizaso
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Hauteskundeen garaia pasatu da, eta irtenbideena iritsi da»

Andoni Ortuzar EAJ

Espainiako Gorteetara inoizko ordezkaritzarik handiena —bederatzi senatari eta bost diputatu— bidaliko dutelako euren burua zorionduz hasi zuen jarduna Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak Sabin Etxean. «Hauteskundeen garaia pasatu da, eta iritsi da irtenbideena», esan zuen egoera politikoari erreferentzia eginez. Hauteskunde emaitzek «ikuspegi politiko konplexua» utzi duten arren, «mugarri bat ezarri, aro berri bat ireki eta nazio aniztasuna onartzeko garaia» dela ohartarazi zuen Ortuzarrek. «Alderdi politiko demokratikoei dei egiten diegu, gutxieneko batasun batetik, Voxek apurtu nahi duen demokrazia sistema bermatzeko».

«Nafarroako ahotsa Kongresuan egongo da»

Bel Pozueta EH BIldu

«Oso harro gaude». EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi txalo artean atera zen atzo bozen balorazioa egitea. «Lau herrialdeetan ordezkaritza duen alderdi bakarra gara», nabarmendu zuen. Nafarroan aurreko deialdian boto gutxi batzuengatik eserlekurik lortu gabe geratu zen Bel Pozueta hautagaia, eta atzo, diputatu izango dela jakinda, hari begirakoak izan ziren zorion mezu asko. Pozik mintzatu zen hura ere. «Lortu dugu. Nafarroako ahotsa Kongresuan egongo da». Hartu duten konpromisoa Nafarroako eragileekin «partekatuko» dutela gogoratu zuen, eta Nafarroa «justuagoa» dutela helburu.Espetxeetan daudenei ere zuzendu zitzaien.

«Sanchezi eskatuko nioke jarrai diezaiola Txibiteren ereduari»

Ione Belarra Unidas Podemos

Hauteskunde emaitzak, bai Espainiako Estatuan bai Nafarroan, anitasunaren isla direla nabarmendu zuen behin eta berriro Ione Belarra Nafarroako Unidas Podemosen Kongresurako hautagaiak. «Eta emaitzak ikusita, nik Sanchezi eskatuko nioke jarrai diezaiola Nafarroaren eta Maria Txibiteren ereduari». Ultraeskuinaren gorakadakirtenbide bakarra uzten duela gaineratu zuen Belarrak: «Gobernu aurrerakoi bat eratzea jada ez da aukera historiko bat, betebehar historiko bat baizik». Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezek, aldi berean, «indar progresista guztiek norabide berean arraun egiteko garaia» dela nabarmendu zuen.

«Manipulazioakez du irabazi: berriz gailendu gara»

Javier Esparza Navarra Suma

Goratu egin zituen atzo Navarra Sumako presidente Javier Esparzak boza eman dieten guztiak. «Beldurrak eta manipulazioak ez dute fruiturik eman; berriz gailendu gara», azaldu zuen: «Eskerrak bozak irabazteko era eman diguzuen guztiei». Emaitzetan gora egin dutela esan zuen eta boz horien defentsa egingo dutela Madrilen: «Nafarroako interesak defendatuko ditugu». Hautesleek Nafarroako Gobernuan dauden taldeen kontra egin dutela esan zuen. «Argi geratu da PSNk gizartearen zigorra pairatu duela abertzaleekin bat egin duelako; bere printzipioei traizio egin dielako». EH Bilduren emaitzen harira, «tamala» direla uste du.

«Gobernu egonkor bat behar dugu lehenbailehen»

Idoia Mendia PSE-EE

Alderdi sozialistak irabazi duela, eta ondorioz gobernua osatzea Pedro Sanchezen egitekoa dela esan zuen, atzo gauean, Idoia Mendiak PSE-EEko idazkari nagusiak militanteen aitzinean. Apirilaren 28aren ostean ez bezala, gobernua osatzeko bidea erraztu eta Sanchez babestea eskatu zien beste alderdiei. «Sanchezen gobernu bat posible egin behar dugu, gai asko baitaude erabakien zain, eta ezin dute gehiago itxaron. Gobernu progresista eta egonkor bat behar dugu lehenbailehen eta sozialistak gara horren buru. Guri dagokigu berriro gobernua osatzea, herritarrek esan dute Pedro Sanchezek izan behar duela presidente».

«Lortutako bakarra ultraeskuina indartzea izan da»

Maria Solana Geroa Bai

Nafarroan eserlekuak lortu dituzten alderdiak zoriondu zituen Maria Solana Geroa Bairen Kongresurako hautagaiak, eta zin egin zuen bere koalizioak adi jarraituko duela alderdi horiek Madrilen «Nafarroaren defentsan» zer egiten duten. «Boz hauek ez dira Geroa Bairentzat hauteskunde egokienak, baina jaso dugun boto bakoitza eskertzen dugu, boto guztiak. Beste alderdiak zoriontzen ditugu, baina guk nahiago genuke Geroa Baik eserleku bat lortu izan balu. Bestalde, uste dut ezin dugula egoera honetan poztu; ezin dugu berriro ere bozetara joan izana ospatu, lortu den bakarra izan baita ultraeskuina indartzea», azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.