Foro Sozialak ETAren biktimen ekarpenak eman dizkio legebiltzarrari

Txosten bat osatu du irailaren 12an ETAren zenbait biktimekin egindako topaketako ekarpenekin. Pauso gehiago eskatu dituzte biktimek

Agus Hernan eta Tasio Arrizabalaga Foro Sozial Iraunkorreko kideak, atzo, legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Agus Hernan eta Tasio Arrizabalaga Foro Sozial Iraunkorreko kideak Eusko Legebiltzarrean izan ziren atzo goizean, eta Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteari ETAren zazpi biktimaren ekarpenekin osatutako txostena eman zioten. Irailaren 12an biktima horiekin egindako topaketaren emaitza da txostenean jasotakoa, eta parte hartzaileek egindako hainbat proposamen eta kritika biltzen ditu. Arrizabalagak laburbildu egin zituen txostenaren ondorioak atzo legebiltzarrean egindako agerraldian, eta, bertzeak bertze, nabarmendu zuen Euskal Herriko egoeraren balorazio «positiboa» egin zutela topaketa hartan egondako biktimek, «gizarte berria eta kohesionatuagoa» delako oraingoa, «ETAren indarkeriarik» gabe: «Baina indarkerien zikloaren ondorioak ebaztea jada ez da lehentasunezkoa, eta gai honekiko ardura eskatu zuten», azaldu zuen atzo Arrizabalagak.

Askatzeko hainbat «korapilo» daude oraindik, topaketa hartan parte hartu zuten biktimen ustez: «memoria inklusiboa» sortzea, «giza eskubideen urraketa guztiak eta gertatu den guztia» aitortzeko; indarkeria jasan duten pertsona guztien «errekonozimendua»; argitzeke dauden kasuak ikertzea; autokritika egitea, bakoitzak egindakoa aitortuta; «indarkeriari zilegitasuna» kentzea, «etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko tresna gisa», eta egungo espetxe politika «normalizatzea». Pausoak «berandu baino lehen» emateko eskatzen dute biktimek, «denbora gehiegi igaro eta eragina galdu baino lehen».

Kritikak eta kezkak

Hainbat kritika eta kezka ere agertu zituzten Foro Sozial Iraunkorraren topaketan parte hartu zuten ETAren biktimek, eta horiek ere bildu dituzte txostenean. Erraterako, gertatutakoa ahazteko arriskua dagoela ohartarazi zuten. Kritika egin zieten, halaber, biktima elkarte batzuei, «biktimen eskubideen defentsan lan egiteko beren funtzioa gainditu» dutelako. Presoen ongietorriak ere izan zituzten hizpide: espazio publikoetan ospatzeari kritika egin zieten, «birbiktimizazioa» sor dezaketelako. Era berean, erakundeek biktimei «arreta nahikoa» ez ematea kritikatu zuten. Sufrimenduari eta erantzukizunari buruz, berriz, «gauzak argi bereiztearen garrantzia» nabarmendu zuten: «Indarkeria erabili edo sustatu duena ezin da indarkeria jasan duenarekin alderatu».

Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak adierazi du «oso kontuan» hartzen dituztela biktimek egindako ekarpenak: «Kontuan hartu dugu bertan esandakoa, gaur aurkeztu dugun txostenean jaso dugu, eta gurekin lan egiten duten hainbat eragile sozial, politiko eta instituzionali helaraziko diegu». Nabarmendu du «euskal gizarte osoaren, herritarren eta eragile instituzional eta politikoen erantzukizuna» dela «giza eskubideen urraketa guztiak ezagutzea, ezagutaraztea, aitortzea eta erreparatzea». Bide horretan biktima guztiei laguntzen jarraituko duela adierazi du Foro Sozial Iraunkorrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.