Koronabirusa

Gasteizko ikastetxe batek «irizpiderik eza» egotzi dio Osakidetzari

Aurrez aurreko eskolak eten arte «gainezka» eta «babes gabe» sentitu zirela salatu dute irakasleek. Osakidetzaren protokoloa kritikatu dute

Gasteizko Judimendi ikastetxeak aurrez aurreko eskolak eten ditu. JUDIMENDI IKASTETXEA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Asteazkenean, Gasteizko Judimendi ikastetxeak aurrez aurreko eskolak eten behar izan zituen zentroan hainbat COVID-19 kasu atzeman zituztelako, eta atzo ikastetxeko klaustroak gertatutakoari buruzko ezinegona azaldu zion Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari, gutun bidez. Salatu dutenez, aurrez aurreko eskolak eten arte egoera «oso kezkagarria» eta «nahasia» bizi izan dute, eta «gainezka» eta «babesik gabe» sentitu dira Osakidetzak erabakiak «gaizki» eta «irizpiderik gabe» hartu dituelako.

Hamabi ikasgelako zentro bat da Judimendi; Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak hartzen ditu, 180 ume. Azken astean gutxienez 22 koronabirus kasu atzeman dira ikasleen eta irakasle zein irakasle ez diren langileen artean.Osasun Sailak kezka azaldu du zentro horretan atzemandako COVID-19 kasuen harira, eta zentroko ikasle eta irakasleei probak egitea erabaki du; emaitzen zain etxean geratzeko esan die denei. Zentroak ziurtatu du protokoloa «zorrotz» jarraitu dutela, baina «ezohiko neurriak» hartu behar izan dituztela azken egunetan kutsatze «larriagoa» saihesteko, lehen kasuak ez zirelako «azkar eta arduraz» aztertu».

Adibidez, azaldu dute sei ikasgelatan bi edo hiru kasu positibo zeudenean, ESItik esan zitzaiela ikasgeletan ez zela baheketa berezirik egin behar. Ikastetxeko irakasleek azaldu dute eskolaren ekimenez bidali zituztela sei gelatako ikasleak etxera, prebentzio neurri gisa. «Zentroak hartutako neurriei esker, kutsatze gehiago saihestu dira. Egoera horren kudeaketa oso zaila bihurtu da, aurkitu ditugun zailtasun guztiengatik».

Irakasleek jarraitu behar duten protokoloa gogor kritikatu dute, halaber, klaustroko kideek. Salatu dute kasu asintomatikoetan ez dela kutsatu kateen jarraipena egiten baldin eta astelehenean ematen badute positibo; izan ere, soilik positibo eman baino 48 ordu lehenago egiten zaizkie testak gertuko kontaktuei. «Gure kasuan, adibide hori lau ikasgelatan gertatu da», adierazi dute. Gainera, kritikatu dute Osakidetzaren protokoloa ez dela urritik eguneratu, eta Osakidetzaren aldetik ez dagoela «prebentziozko konfinamendurik». Kritikak harago doaz: diotenez, ikastetxera bidali duen protokoloaz gain, ez dago gaitzaren jarraipena egin behar duten ikastetxeko koordinatzaileentzako prestakuntza eta aholkularitza espezifikorik. Horrez gain, askotan Osakidetzari kutsatzeak komunikatzeko zailtasunak dituztela azpimarratu dute, eta usu, kutsatuen katea aztertuta ere, ez dietela kontaktu estuen emaitzen berri ematen.

Itxitako ikasgelak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurrez aurreko eskolak etenak dituen eskola bakarra da Gasteizko hori. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren azken datuen arabera, 129 ikastetxetako 233 ikasgela itxita daude gaur egun, eta Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitartean dauden 17.554 geletatik %1,33 daude bakartuta izurriaren ondorioz. Nafarroan, berriz, 58 ikastetxetako 98 ikasgela daude itxita. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, guztira,Haur eta Lehen Hezkuntzako 1.939 ikasle daude etxean bakartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.