Albistea entzun

Koronabirusa

Azken hilabeteko paziente kopururik txikiena dago Hegoaldeko ZIUetan: 154

Ospitaleetako presioa, oro har, arintzen ari da pixkanaka: guztira 590 gaixo daude erietxeratuta orain. 485 kasu zenbatu dira astelehenean
Gurutzeta Ospitaleko ZIUetako gela bat, artxiboko irudi batean.
Gurutzeta Ospitaleko ZIUetako gela bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz -

2021eko otsailak 24

Otsailaren hasieratik aitzina, agerikoa da kutsatzea mantsotu egin dela Hego Euskal Herrian, eta erietxeetan jadanik hasi da nabaritzen beheranzko joeraren eragina. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, guztira 590 pertsona daude Hegoaldeko ospitaleetan erietxeraturik gaitzarengatik. Otsailaren 1ean 974 ziren. Zehazki, egun ospitalean dauden 590etatik 436 erietxeetako gela arruntetan daude, eta 154, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Aurreko eguneko datuen aldean, hamabi lagun gutxiago daude unitate horietan, eta, hain zuzen, urtarrilaren 25az geroztik Hegoaldean erregistratu den daturik apalena da Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emandakoa.

Gainera, azken datuen arabera, herenegun 48 pertsona ospitaleratu zituzten gaitzaren sintomak larriagotuta Hego Euskal Herrian; Nafarroakoak dira horietako bi, eta Araba, Bizkai edo Gipuzkoan erietxeratuak dira gainerako 46ak. Azken hamalau egunetan batez beste eguneko 62 pertsona erietxeratu dituzte gaitzarengatik Hegoaldean.

Gainera, joan diren asteetako joerari eutsi diote birusaren transmisioari buruzko azken datuek; atzerantz ari da pandemiaren hirugarren olatua. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak atzo eskainitako informazioaren arabera, herenegun 485 positibo atzeman ziren Hego Euskal Herrian egindako testetan. Osakidetzak eta Osasunbideak 10.891 proba egin zituzten astelehenean; beraz, %4,4 da positiboen ehunekoa.

Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zuten positibo gehien, beste behin ere. Zehazki, 265 kasu izan ziren herrialde horretan. Gipuzkoan 106 kasu izan ziren; Araban, 57, eta Nafarroan, 57. Azken asteko datuei so, Nafarroan egun bakar batean detektatutako positiboen zenbatekoa egonkortu egin dela nabaritu da; izan ere, azken bi asteetan eguneko positiboek ez dute inoiz gainditu 100 kasuren langa.

Hegoafrikako aldaera

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Osakidetzak koronabirusaren Hegoafrikako aldaeraren balizko kasu bat atzeman duela azken egunotan. Gotzone Sagardui sailburuak esan du baieztapenaren esperoan direla oraindik, baina argitu du «Araba, Gipuzkoa eta Bizkaitik kanpo bizi den pertsona batek» kutsatu duela pertsona hori. Birusaren Hegoafrikako aldaera dela segurtatzekotan, hiru lurralde horietan detektatutako lehenbiziko kasua litzateke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna