Herritar asko batu dira Azpeitian Sorianoren heriotza salatzeko

Langile gazteak bere buruaz beste egin zuen, ustez lanean jasandako tratu txarrarengatik. «Esplotazioa» amaiarazteko eskatu du familiak

Sorianoren omenezko elkarretaratzea, atzo arratsaldean, Azpeitiko plazan. JON URBE / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Lanean gertatzen diren heriotza guztiak dira mingarriak, eta haietako asko lan baldintza prekarioek eragiten dituztela gogorarazten dute sindikatuek haren biharamunean egiten dituzten elkarretaratzeetan. Baina badira gizartean arrasto handia uzten duten laneko heriotzak, eta, ondorioz, protesta zabalagoa eragiten dutenak. Azken horietakoa izan da Luis Enrique Soriano gaztearena, uztailaren 30ean Azpeitiko lantegi batean hilik aurkitutakoa, Ertzaintzaren arabera, bere buruaz beste eginda. Haren senideek Elkar-ekin elkarteari esandakoaren arabera, lanean jazarpena jasan zuen.

Sorianoren heriotza salatzeko, jende asko bildu zen atzo arratsaldean Azpeitiko plazan, Inor ez ahanzturan, Luis Enrique gogoan. Esplotazioarekin amaitu lelopean. Elkar-ekinek deitu zuen, eta babes zabala jaso zuen; ELA, LAB eta ESK sindikatuak, Azpeitiko Udala eta beste eragile politiko batzuek ere bat egin zuten—EH Bildu, Sortu, Ernai, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak...—. Herritar askok aintzat hartu zuten deia, eta pankartaren atzean batu ziren Sorianoren heriotza salatu eta familiari doluminak azaltzeko. Urola Kostako Hitza-ren kontakizunaren arabera, hamar bat minutuko isilunea egin zuten. Eduardo Galeanoren poema bat irakurri ondoren, Elkar-ekineko kide batek azaldu zuen Soriano etorkizun bila iritsi zela Azpeitira, baina «infernuarekin» egin zuela topo: «Hiru urte iraun zuen laneko jazarpenarekin». Heriotza «bururaino ikertzeko eta erantzukizunak argitzeko» eskatu zuen, eta ziurtatu gertatutakoa ez dela kasu bakan bat: «Pobrezia, esplotazioa eta arrazakeria egiturazko arazoak dira; gero eta ankerragoa den eredu kapitalistan dute iturburua».

Sorianoren gurasoak ere igo ziren plazako kioskora. Amak eskerrak eman zizkien udalari eta plazan bildutakoei, eta langileen esplotazioa amaitzeko eskatu zuen. Txalo zaparrada bat jaso zuen.

Irainak eta oihuak

Soriano dominikarra zen sortzez, eta 17 urterekin heldu zen Azpeitira. Manuel Aizpuru S. M. enpresan aurkitu zuen lana. Baina Elkar-ekin-ek Uztarria herri aldizkarira igorritako gutunean azaldu du han presio handia zuela: «Hamabi orduko lanaldiak egiten zituen, eta baziren [ordu] gehiago sartzen zituen egunak. Larunbatetan ere lanera joaten zen: kontaezinak ziren astean egiten zituen lanorduak. Behartu egin zuten horretara».

Senideek Elkar-ekin taldeari kontatutakoen arabera, lantegiko nagusiak oihu eta irain egiten bide zion «akatsen bat egiten zuen bakoitzean». Piezaren bat gaizki egiteagatik soldata murriztu ere egin zioten inoiz. COVID-19 gaitzak jota egon arren lanera joatera ere behartu zuen nagusiak: «gauez eta bakarrik» aritu zen orduan.

Taldeak esplikatu du uztailaren 30ean pieza bat gaizki atera zitzaiola Sorianori, eta nagusiak gogor hartu zuela. Gau hartan hilotz aurkitu zuten langilea, lantegian bertan. Elkarteak zehaztu du gazteak ez zuela arazo psikologikorik. Ertzaintzak kasua ikertu du,eta ondorioztatu suizidio bat izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.