Langile bat hil da dorre batetik erorita, 2021eko lehen istripu hilgarrian

Bilbon izan da ezbeharra, eta Iberdrolak azpikontratatutako enpresa bateko langilea da hildakoa. Iaz, 68 lagun hil ziren beharrean ari zirela

Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Iazko zerrenda beltza itxi eta egun gutxira ireki da 2021ekoa. Abenduaren 30an itxi zuen IƱigo Etxarri ertzainak 2020ko laneko heriotzen zerrenda, eta urtarrilak 12 egin dituenean zabaldu du 2021ekoa 35 urteko behargin batek. Ez dute haren izenik eman, baina jakinarazi dute hiru egun baizik ez zeramatzala Euskal Herrian.

Istripua goizeko hamarrak aldera gertatu zen, Bilbon, Basurtutik Kaxtresanara doan bidean, Beyena lantegia zegoen inguruan. Osalanek eta Ertzaintzak azaldu dutenez, langile talde bat goi tentsioko argindar dorre batera ez igotzeko txapa batzuk jartzen ari zen. Argitu ez dituzten arrazoiak direla eta, langileetako bat dorretik erori zen, baina ez dorrearen oinarrira, baizik eta azpian zegoen lubeta batera. Erorikoa hiru metro eta erdikoa izan zen, eta lurra jotzean jaso zuen kolpeak hil zuen langilea.

Langilea argiketaria zen, eta lau urte zeramatzan Sistem Melesur Energia konpainiarentzat lanean. Malagakoa da enpresa hori (Andaluzia, Espainia), eta Iberdrolak azpikontratatuta ari zen lanean, dorreetan mantentze lanak egiteko.

Sindikatuek deitoratu egin dute ezbeharra, eta hura salatuko dute gaur, Iberdrola dorrean eta Melesur enpresaren Bizkaiko egoitzan, Trapagaranen. Gainera, lankideek greba egingo dute.

LABek eta UGTk eskatu dute istripua ikertzeko eta haren ardurak zehazteko. Bi sindikatuek nabarmendu dute azpikontratatutako enpresa bateko langile bati gertatu zaiola, eta horietan egoten dela lan prekaritaterik handiena.

Iaz, sindikatuen arabera, Euskal Herrian 68 langile hil ziren beharrean ari zirela, eta beste langile batek, Joaquin Beltranek, desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegiko hondakinetan. Horiei gehitu behar zaizkie, LABen zerrendaren arabera, Euskal Herritik kanpo lanean ari zirela hildako beste hiru.

Antsietatea, istripu

CCOOk, bere aldetik, jakinarazidu Gizarte Segurantzaren Bizkaiko zuzendaritzak lan istriputzat jo dituela Muskizko supermerkatu bateko langile batek antsietateagatik hartutako gaixo baimenak. Langileak harreman gatazkatsua zuen bere kontratatzailearekin, Urar Muskizekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.