Bizkaiko zahar etxeetan grebara deituko dute akordioa lortu ezean

ELAren arabera, «negozioa» lehenesten da orain. Asteartean itxi zuten zahar etxearen gaineko azalpenak eman dituzte Batzar Nagusietan

Zahar etxeetako langileek atzo Bilbon egindako elkarretaratzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Juanma Gallego.
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Zahar etxeetako patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazioak trabatuta daude, ez aurrera ez atzera; hori ikusita, ELA sindikatua grebara joateko aukeraz aritu da, patronalak negoziazioan aurrerapausorik ematen ez badu. Sindikatuaren arabera, hamar bilera egin eta gero, patronalak ez du agertu «langileen oinarrizko eskaerak negoziatzeko borondaterik».

Hala salatu zuten atzo Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean egindako elkarretaratze batean. Negoziazio mahaia duela ia urtebete jarri zen martxan, baina agiri batean sindikatuak salatu zuen patronalak «negoziazioa blokeatzen» duela oraindik ere, eta lan murrizketetan «are gehiago sakondu» nahi duela.

ELAren ustez, patronala egoiliarrak eta langileak «bahitu» gisa erabiltzen ari da negoziazioan. Bestetik, salatu zuten Lan Harremanen Kontseiluak eragotzi egin duela langileen ordezkariak negoziazio bileretan parte hartu ahal izatea, «espazio nahikoa ez dagoela argudiatuta».

Modu berean, ELAk «propagandatzat» jo du zahar etxeetan sistema pertsonalizatuagoa lortzeko diputazioak egin duen iragarpena. Izan ere, Diputazioak aurreratu du 2023. urterako egoiliarren %35 «bizikidetza unitateetan» artatu nahi dituela; horietako bakoitzean 25 egoiliar baino gutxiago egongo lirateke. Sindikatuaren ikuspegitik, eredu horren arabera zahar egoitzak egokitu beharko lituzkete, eta patronalak ez du bere gain hartuko gastu hori. Argudiatu zutenez, ezinezkoa da kalitatezko zaintza eskaintzea «ratioak eta langile kopurua handitu gabe». Pertsonen gainetik «negozioa» lehenesten ari dela aipatu zuten. «Langile falta kezkagarria da, eta eskaintzen den zerbitzua ez da ona».

Ikuskapenak, ezbaian

Asteartean, Barakaldoko Aita eta Ama itunpeko zahar etxe pribatua ixtea agindu zuen diputazioak, bertako jardunean hainbat irregulartasun aurkitu zirela eta.

Gai horren inguruan galdetu zioten atzo Batzar Orokorretan Gizarte Ekintzarako diputatu Sergio Murillori, eta erantzun zuen kasu horretan haren departamendua beharrezkoak diren «neurri drastiko» guztiak hartzeko prest dagoela, egoiliarrak lehentasuna direla arrazoituta.

Murillok ukatu egin zuen egoitza horietara egiten diren ikuskapenak aurretik jakinarazten direla, baina EH Bilduk nabarmendu zuen bertako langileek jakinarazi dietela hori dela ohiko prozedura. Bestetik, Elkarrekin Bizkaia taldearen ustez, Diputazioa ez da egiten ari afera honetan bere esku dagoen guztia. PP zahar etxea ixtearen alde azaldu zen. EAJk eta PSEk Murilloren jokabidea babestu zuten, eta erantsi ikuskapenek «funtzionatzen» dutela.

Abuztuan salatu zuen ELAk zahar etxe horretan «arau urratze larriak» gertatzen ari zirela. Salaketa horren arabera, langile batzuk bidegabeki kaleratuak izan ziren, ratioak ez ziren errespetatzen, eta medikuntzaren alorreko zerbitzuak desagertuak ziren. Atzoko bilkuran, diputatuak xehetasun gehiago eman zituen: senideei horren berri eman gabe, egoiliar batzuk mediku aholkurik gabe lotuta egon dira, eta beharrezko titulaziorik gabeko langileak kontratatu dituzte bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.