Nafarroako Gobernuak %5 handituko du gastu muga, 4.228 milioi euroraino

Espero du gasturako eta inbertsiorako aurten baino 212 milioi euro gehiago izatea datorren urtean. 2020an ezingo du defizitik izan, ordea

Elma Saiz, astelehenean, agerraldi batean. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Legealdiaren hasiera honetan, Maria Txibiteren gobernuaren erronka nagusia 2020rako aurrekontuak aurrera ateratzea izango da, eta jada zehaztu ditu egitasmoaren kopuru nagusiak. Gastu muga %5,3 handituko du, 4.016 milioi eurotik 4.228 milioi euroraino. Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei agindu zien datorren urterako aurrekontu orekatuak izateko, eta, defizitik gabe, igoerak diru sarreretatik etorri behar du. Aurreko astean Laboral Kutxak egindako aurreikuspenarekin bat eginez, Nafarroako Gobernuak espero du 2020rako %2,2ko hazkundea.

Atzo, gobernu kontseilu osteko agerraldian aurkeztu zituen aurrekontuaren kopuru nagusiak Elma Saizek, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Saizek onartu zuen Nafarroak ere motelaldia nabarituko duela, eta erne begiratu beharko zaiela nazioarteko arriskuei —hala nola AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerrari edo brexit-ari—. «Begiak irekita, adi-adi begiratu behar diegu gertakarioi». Hala ere, Saizek zehaztu nahi izan zuen atzeraldiaren aukera adituen kalkuluetatik at dagoela, ekonomia motelduko bada ere. «Inork ez du atzeraldiaz hitz egin, eta garrantzitsua da zorrotz jokatzea, aurreikuspen makroekonomikoen bermearekin».

Zorrak behera egin du

Hartara, datorren urterako %2,2ko hazkunde ekonomikoa oinarri hartuta, diru sarrera ez-finantzario bidez 4.190 milioi euro biltzea espero du —horietatik, 37 milioi euro Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko doikuntza bidez izango dira—. Espainiako Gobernuaren aginduz, datorren urtean ezingo du defizitik izan, baina bi urteotan Nafarroak aurrekontu publikoetan superabita erdietsi du. Horrez gain, iaz 268 milioi euro murriztu zuen zor publikoa.

Gastuen atalean, 236 milioi euro Tokiko Ogasunen Funtserako izango dira, eta beste 585 milioi Espainiako Estatuari ordaindu beharreko ekarpenerako. Espainiako eta Nafarroako gobernuek datorren urtean hasi beharko dituzte negoziazioak hurrengo bost urteetarako, 2020-2024 eperako, ekarpenaren kalkulua hitzartzeko. Bitartean, aurreko bost urteetako ekarpenaren kopurua indize baten bidez eguneratuko dute.

Tokiko Ogasunen Funtsa eta estatuko ekarpena kenduta, gobernuko departamentuek 3.406 milioi euro izango dituzte gasturako eta inbertsiorako. Datozen asteetan, kopuru horren gainean, euren aurrekontu proposamena egin beharko dute departamentuek gobernuaren barruan. Aurreproiektua onartzen denean, gobernuak haren edukia igorriko dio Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari, Tokiko Erregimenaren Batzordeari eta Ingurumen Kontseiluari. Erakundeon iritzia jasota, lege proiektua onartuko da, eta handik parlamentura bidaliko.

Zalantzarik gabe, legebiltzarreko tramitazioan helduko da une erabakigarria. Parlamentuan, gobernua sostengatzen duten lau alderdiek ez dute gehiengorik. PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 23 parlamentari dituzte, eta ezinbestean Navarra Sumaren edo EH Bilduren babesa beharko dute.

Bost milioi gutxiago

Aurrekontuek ez ezik, zerga neurriek ere eztabaida eragingo dute. Aurreko ostiralean Elma Saizek azaldu zuen dagoeneko proposamen bat lantzen ari direla, eta Ondare Zergan enpresen ondasunak ez zergapetzeko asmoa dutela. Geroa Baik eta PSNk bat egiten dute, eta, gobernutik at, Navarra Sumak ere «erabat» babesten du neurria. Haatik, beste alderdiak kontra daude. EH Bilduk salatu du «hasiera txarra» dela. Ahal Dugu-k onartu du euren bazkideekin ez daudela ados, eta Ezkerrak salatu du 5 milioi euro bildu gabe gera daitezkeela.

Horren aurrean, PSNk zin egin du proposamen oro parlamentuko gainerako taldeekin negoziatuko dutela. Geroa Baik, berriz, ez du uste auzi horrek arrakala handirik eragingo duenik gobernuaren barruan, eta gogora ekarri du aurreko legealdian zerga arloan zenbaitetan PSNrekin eta UPNrekin bat egin zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.