Sare publikoak biltzen ditu egoera zaurgarrian diren hamar ikasletik bederatzi

Nafarroako itunpeko eskolari eta segregazioari buruzko txostena ondu du Steilasek. Salatu dute itunpekoak gero eta pisu handiagoa duela

Raul Lopez eta Arantxa Ruiz Bidaurreta Steilaseko kideak, atzoko aurkezpen ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hego Euskal Herria da itunpeko eskola gehien biltzen dituen Europako eskualdeetako bat: 2018-2019ko ikasturtean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %48,4 eta Nafarroakoen %33,7 zeuden itunpeko sareko ikastetxeetan izena emanda are gehiago dira aurten. Europan, berriz, batezbestekoa %19 da. Zentro horietako ikasleen soslaia, gainera, ez da gizartearen isla: itunpeko eskoletan matrikulatuta daude egoera sozioekonomiko makurrean diren ikasleen %10 soilik. Steilas sindikatuak eman ditu datuok, Eskola segregazioa itundua dago. Nafarroako hezkuntza sistemaren lotsa txostenean.

Atzo aurkeztu zuten agiria sindikatuko ordezkari Raul Lopezek eta Arantxa Ruiz Bidaurretak, eta ohartarazi zuten itunpeko sarearen pisua «gero eta handiagoa» dela hezkuntza sisteman: «Espainiako Estatuko erkidegoen artean bigarrena da Nafarroa, ikastetxe pribatu-itunduetako ikasle portzentajeari dagokionez, ikasleen %35,2 sare horretan matrikulatuta baitzeuden iaz». Itunpeko sareak erkidego bakarrean du ikasle ehuneko handiagoa: Euskal Autonomia Erkidegoan. «Hego Euskal Herria itunpeko ikastetxe pribatuetan lehena da, eta ikasgelen kopurua handitzen ari da, gainera; bi urtean, 24 unitate gehiago ireki dituzte Nafarroan, 1.583 izateraino», azaldu zuen Lopezek.

Steilasko kideek kezka agertu zuten, sare publikoak «egoera sozioekonomiko txarrean diren ikasle ia guztiak hartzen dituelako», eta horrek «ikasleen segregazioa» eragiten duelako: «Jatorria atzerrian duten ikasleen ia %85 hartzen du publikoak; itunpeko sareak, aldiz, ikasleen % 15; hortaz, ez da betetzen ari 2/2006 Lege Organikoa, hots, funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan segregazioa saihesteko neurriak ezartzea». Ikastetxe publikoetan izena emanda daude premia handiak dituzten ikasleen %85 ere.

Sindikatuaren esanetan, gainera, segregazioa ez da «ardatz publiko-pribatura mugatzen», eta hizkuntza ereduei eta sexuen arteko banaketari ere eragiten die: «Bertoko eta atzerriko jatorriko ikasleen banaketa erabat desorekatua da A, G eta D ereduen artean, batez ere, euskarak jasandako bazterketa historikoagatik. Gaur egun ere, diskriminazio horri eusten diote hainbat elementuk».

Sexu bidezko bazterketari dagokionez, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek esana du datorren ikasturtetik aurrera debekatuta egonen dela ikasleak sexuagatik bereiztea, eta ikastetxeek sinatutakoa bete beharko dutela. Lopezek, ordea, ez du auzia hain argi ikusten: «Ez dakigu gobernuak ikuskaritza lana eginen duen ala ez, baina eginen balu ere, Vox eta PP alderdiek LOMLOE legearen aurkako helegitea jarrita dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta kontua konpontzeak luze jo dezake».

Politika «ausartagoen» zain

Arazo horiei aurre egite aldera, «adabakiak alboratzeko» galdegin dio Steilasek gobernuari: «Sare publikoaren aldeko politiken bidez soilik gaindituko dugu gaitza. Horretarako, funts publikoekin finantzatutako ikastetxeak publifikatu behar dira, ikastetxe segregatzaileei laguntzak kendu, apartheid linguistikoa desagerrarazi eta hezkuntza publikoan gutxienez BPGaren % 6 inbertitu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.