Zergen lege proiektuan akordioa lortu, eta EH Bildu abstenitu egingo da

Nafarroako Gobernuak sei konpromiso hartu ditu: sozietate zergan hobari eta kenkariak aztertuko ditu, eta zerga kredituak mugatuko ditu

EH BIlduko Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz, atzo, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Osteguneko saioan Navarra Sumaren osoko zuzenketak atzera bota ondotik, Nafarroako Gobernuak bideratuak ditu zergen inguruko hiru lege proiektuak. Atzo, Parlamentuko batzordean, zatikako zuzenketen eztabaidari ekin zioten taldeek, eta, bertan, EH Bilduko Adolfo Araizek iragarri zuen «gutxieneko akordioa» erdietsi dutela gobernuarekin. Koalizio abertzalea abstenitu egingo da zerga neurrien proiektuan, eta bide emango dio amatasun laguntzen kenkarien egitasmoari. Era berean, gobernuak «sei konpromiso» hartu ditu: besteak beste, sozietate zergen kenkariak aztertuko ditu.

Nafarroako Gobernuak hiru lege proiektu aurkeztu ditu. Proiektu nagusia da hainbat zerga aldatzeko proposamena —tartean, errenta zergan %2ko deflaktazioa, inflazioaren eragina leuntzeko asmoz—. Bigarrenean, berriz, 2015etik 2018rako amatasun laguntzen gainean kenkariak ezarri nahi dituzte. Azkenik, ondare zergan, enpresa partaidetzak eta ondasunak zergapetzeari uztea proposatu du.

Amatasun laguntzen gaineko kenkariei dagokienez, koalizio abertzaleak ez du erabaki zer bozkatuko duen, baina abstentzioaren edo aldeko botoaren bidez egitasmoa onartzea ahalbidetuko du, edonola ere. Enpresen ondasun eta partaidetzen proiektuari dagokionez, kontrako botoa emango du, Ezkerraren moduan. Hala ere, kasu honetan, lege proiektua aurrera ateratzeko giltza Navarra Sumak du.

Sei konpromiso

Akordioari begira, EH Bilduk sozietate zergari erreparatu nahi izan dio batik bat. 2008tik 2018ra bitartean, bilketak nabarmen egin du behera, 418 milioi eurotik 193 milioi eurora. Horrekin batera, aurtengo aurrekontuetan aurreikusita dago enpresek 121,7 milioi euroko pizgarriak izango dituztela. Egoera hori ikusita, Nafarroako Gobernua prest azaldu da kenkari, hobari eta laguntza horiek aztertzeko. Gainera, zerga kredituak jasotzeko baldintzak mugatzeko konpromisoa hartu du. Izan ere, zerga kredituen diruaren itzulketa atzeratuz joan dira enpresak —erreminta horren bidez, krisi garaietako galerak konpentsa ditzakete—. Ondorioz, urteotan irabaziak handitu badira ere, oinarri likidagarri negatiboak ugaritu egin dira. eta bilketa jaitsi egin da. Araizek zehaztu du egin nahi duten aldaketak ez diela kalterik eragingo enpresa txikiei.

Bigarrenik, gobernuaren enkarguz, NUPeko ikerketa talde batek itzalpeko ekonomia aztertu du. Lanak errenta zerga aztertu du, baina ez, ordea, sozietate zerga. Orain, gobernuak konpromisoa hartu du enpresen itzalpeko jarduera ere aztertzeko.

Hirugarrenik, zergak moduluka ordaintzeko eta kalkulu objektiboak egiteko modua murriztu nahi dute, apurka. Autonomoen kasuan, arazoak sor ditzake, baina gobernuak konpromisoa hartu du gai hori aztertzeko.

Laugarrenik, aitorpenak epez kanpo egiteagatik ogasunak ezartzen dituen gainkargak eta isunak aztertuko ditu gobernuak. Halaber, gehien kutsatzen duten jarduerei «zerga berriak» jartzeko aukera ikertuko du. Azkenik, ikusiko dute ea Ogasunak ofizioz joka dezakeen alargun pentsioei eta beste pentsio ez-kontributiboei diru osagarria ordaintzeko. Balizko onuradun batzuek ez dute eskubidea aldarrikatzen, ez dutelako horren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.